Oso txikitatik datorkio magiarekiko zaletasuna Tor Magoari. Izen artistiko horren atzean Aitor Bilbao algortarra dago, eta, aurten, Getxoko Argia Ereiten Saria jaso du bere magia ikuskizunetan helduak zein umeak euskararen bitartez zur eta lur uzteagatik. Izan ere, izendapen horrek euskararen erabilera egunez egun sustatzen dutenen lana aitortzen du.
"Hasiera-hasieratik, magia egiteko euskara baliatu nahi nuen; gure hizkuntza ikasgeletatik atera eta gozatzeko ere tresna izatea bilatu dut", azpimarratu du magoak. Gogoratu duenez, berak Txan Magoa ikusten zuen telebistan euskaraz magia egiten, eta horrek ireki zion bidea nolabait, "espero dut beste mago batzuek ere ni horretan ikustea eta bide horri ere jarraitzea. Haria ez dadila eten".
Mago on bat izateko publikoagaz ondo komunikatzen jakitea bezalakorik ez dagoela dio berak, azken finean, "magia bide bat da publikoa entretenitzeko". Dioenez, ikuskizunak prestatzeko magia ikustea eta liburu asko irakurtzea ezinbestekoak dira, "burua beti daukat magiaren inguruan pentsatzen eta kaletik ikusten dudan edozein gauza izan daiteke baliagarria ideia bat hartzeko". Bere ustez, magiak publikoa harritzeko gaitasuna duen ikuskizuna da, "kortozirkuitua" eragiten duena eta zinemak edo antzerkiak ez dutena: "Disfrutatzen badituzu ere, funtsean, badakizu ez dela erreala, baina magian zuzenean ezinezkoa den zerbait ikusten duzu".
Bilbaok 20 urte daramatza magiaren munduan murgilduta. Txikitan, bere lehen ikuskizunak Gabonetan egiten zituela gogoratu du. Gero, Ingeniaritza ikasi zuen, eta, horretan lanean aritu bazen ere, momentu batean magia aukeratu zuen ogibide; ordutik, mago profesional gisa dihardu, eta, beste askoren artean, Erandio Magikoa bezalako ikuskizun eta jaialdiak antolatzen ditu.