Ertzaintzak komisarian jipoitu zuen Silviaren kasua aztertuko dute hilaren 17an Algortan

Erredakzioa 2024ko abe. 11a, 10:57

Silviaren aldeko protesta 2023an, artxiboko irudia.

Silviaren kasuaren inguruko berbaldia antolatu du EH Bilduk Getxoko Bilgunean, Algortako Salsidu kalean. Koalizioak gogoratu duenez, emakume hori "jipoitua eta erasotua" izan zen orain dela sei urte Getxoko Ertzaintzaren komisarian, eta, ostean, eraso instituzionala eta juridikoa pairatu zuen Jaurlaritzaren eskutik, zazpi urteko kartzela zigorra eskatu baitzion. Hitzaldia 19:00etan izango da, eta bertan izango da Silviaren abokatua.

2023ko azaroan egin zen epaiketa. Eusko Jaurlaritzak agente erasotzaileari abokatua jarri zion bitartean, Silvia ofiziozko abokatu batek defendatu zuen. Are gehiago, erasotzaileak berak jarritako salaketa baten ondorioz, emakumeak zazpi urteko kartzela-zigor eskaera jaso zuen.

Bizkaiko SOS Arrazakeria eta Silvia no estás sola eragileek ohar bidez gogoratu duenez, ikerketa polizien eta Segurtasun Sailaren hainbat "patroi kezkagarri" utzi zituen agerian: hasieran bideoak ezkutatu izana, Silviaren lesioen argazkirik ez aurkeztea, Torturaren Istanbulgo Protokoloa aplikatu ez izana, edo txosten psikologikoak baztertzea, besteak beste. Epaiak jaso zuen ertzainek inongo justifikazio legalik gabe atxilotu zutela emakumea. Azkenik, Bizkaiko Auzitegiak agente erasotzailea errudun jo zuen osotasun moralaren aurkako delitu batengatik eta lesio arinengatik, baina zigor arinak ezarri zizkion. Aldi berean, Silvia errudun jo zuten agintaritzari desobedientzia egotzita eta isun ekonomikoa ezarri zioten.

Aurten, Silviak Auzitegi Gorenera jotzeko asmoa zuen, bere errugabetasuna frogatzeko eta agenteak zigor gogorragoa jasotzea eskatzeko. Ez da posible izango, ordea, prokuradoreak ez duelako helegitea garaiz aurkeztu. "Orain, sei urte geroago, Silvia Auzitegi Gorenean desobedientzia delitu bidegabea egotzi ziotela errekurritzen saiatzen ari zenean, “ezusteko ahazte” nekez sinesgarrian: ofizioko prokuradoreak ez du errekurtsoa aurkeztu. Hau kasualitatea! Berriro gertakari nahasi, disuaziozko eta susmagarriak".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun