XXXI. sariek aipatutako elkarte eta pertsonaren ibilbidea goraipatu zuten. Gainera, Sarekidek eta Udalak Juan Jose Quiñones Rodriguezen lanaren aitortza egin zuten, 13 urteren ondoren presidentetza utzi eta Idoia Loroño Goienetxe AHIDA elkarteko kidearen eskutara pasa delako aurten. Topaketan Keltse Eiguren lehen alkateordea eta Carmen Diaz Gizarte Kohesioko zinegotzia izan ziren, beste erakunde batzuetako ordezkarien artean. Diazek boluntarioen lana goraipatu zuen, eta nabarmendu zuenez,"beren denbora beste batzuei eskaintzen dieten boluntarioak edukitzea opari eta pribilegio bat da, mundu humanistagoa eraikitzeko bide bakarra. Horregatik du zentzua boluntariotza ospatzeak, konpromiso soziala ospatzeak, aitortzeak, eskertzeak eta balioa emateak".
Alehop programa
Alehop programak buruko gaixotasuna duten pertsonei lotutako estigmen aurka borrokatzen du, ikastetxeetan, elkarteetan, komunikabideetan edo eragile sozial eta politikoei eskainitako hitzaldien eta elkarrizketen bidez. Programa 2014an jaio zen, eta hiru emakume eta hiru gizon boluntariok parte hartzen dute. Beren esperientzia pertsonaletik, urtean 30 hitzaldi eskaini dituzte, batez beste, Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat lekutan.
Alehop programa Argia Fundazioa Erlijioso Trinitarioen lanaren barruan kokatzen da, gaixotasun mental larria duten pertsonei bizi-kalitatea eta irudi publikoa hobetzen laguntzen diena. 160 pertsona artatzen ditu (horietatik 50 Getxokoak) eta Eguneko Ospitalea, Klub soziala eta etxebizitzak ditu Areetan.
Aitor Arri Axpe
Bestalde, Aitor Arri Axpe Getxo Rugby klubeko Errugbi Inklusiboa proiektuaren sortzaile eta arduraduna da. Proiektua 2016an sortu zen, errugbiaren bidez adimen-urritasuna duten pertsonen inklusioari ate bat irekitzeko, 1990ean Galesen abian jarritako esperientzia ezagutu ondoren. Belaunaldien arteko eta kulturen arteko proiektu horrek aniztasunaren aldeko apustua egiten du balio gisa, eta desgaitasun funtzionala duten eta ez duten kirolariei irekita dago. Halaber, antzeko proiektuak abian jartzeko erreferentzia izan da espainiar Estatuan. Arrik, beste hainbat euskal taldegaz sarean Bultza Liga garatzeaz gain, beste jarduera-ildo batzuk ere bultzatu ditu bazterketa-egoeran dauden beste kolektibo batzuekaz, hala nola adingabe migratuekin, espetxeetan dauden pertsonakaz eta abarregaz.
Topaketan, Argazkigintza Sozialaren VII. Lehiaketako sariak ere banatu zituzten. Lehenengoa Christian Rodriguezentzat izan zen, Alcanzando la cumbre izenburuko argazkiagatik; eta bigarrena, AHIDA elkartearentzat, Elkartuz gauza handiak lor daitezke-Unidos se pueden conseguir grandes logros lanagatik.