Elkarrizketak

Aitor Arri: "Gure xedea da espetxe barruan dauden pertsonak birgizarteratzea errugbiak dituen baloreen bitartez"

Nahia Martinez Gondra 2023ko mar. 15a, 12:42

Aitor Arri Getxo Rugby-ko entrenatzailea.

Duela zazpi urtetik, Getxo Rugby talde inklusiboko arduradun eta entrenatzailea da Aitor Arri, errugbia inklusioa sustatzeko tresna moduan erabiliz. Horrez gain, "Errugbia gizarte-eraldaketa gisa" programari hasiera eman dio orain, zeinean errugbi entrenamenduak antolatzen dituen Basauriko eta Martuteneko espetxeetan. Bere entrenamenduen nondik-norakoak ezagutzeko, baita errugbiaren izaera inklusiboari buruz gehiago jakiteko ere, HIRUKAtik elkarrizketa bat egiteko aukera izan dugu.

Zertan datza "Errugbia gizarte-eraldaketa gisa" proiektua?

Euren askatasuna murriztuta duten pertsonen inklusioa lortzea bilatzen du proiektuak. Jendea gizartetik isolatzen du espetxeak, bere izaera fisiko-soziala dela eta. Hala nola, proiektuaren xedea da espetxe barruan dauden pertsonak birgizarteratzea errugbiak dituen baloreen bitartez.

Nola sortu zen egitasmo hau?

Aitor Larraonarekin batera "Errugbi inklusiboa" proiektuan daramat 2016. urtetik, eta argi ikusten dut errugbia bezalako kirol bat oso onuragarria dela desgaitasunen bat duten pertsonentzat. Horregatik, pentsatu nuen kirol hau inklusiorik ez dagoen leku batera lekualdatzea: espetxe batera. Egitasmoa aurrera eramateko Bitartesport elkarteagaz harremanetan jarri nintzen, haien xedea baita giza eraldakuntza bilatzea kirolaren bitartez.

Zergatik errugbia?

Jaiotzez, kirol inklusiboa da errugbia. Izan ere, gaitasun fisiko desberdin bakoitzarentzako lekua du: altuek, baxuek, lodiek edota argalek joka dezakete. Guztiek daukate euren postua talde barnean, eta, horregatik, esan genezake sozialki pertsona guztientzat egindako kirola dela. Ez duzu aurkituko beste kirolik euren jokalarien artean hain ezaugarri desberdinik duenik. Gainera, dituen baloreak eranzten badizkiogu, eraldaketa sozialerako oso tresna baliagarria dela esan dezakegu.

Zenbatean behin jolasten dute? Eta nolakoak dira entrenamenduak?

Eguazten guztietan entrenatzen dugu, 17:30etik 18:00etara. Espetxeetako saioak Fadurara gurekin jolastera hurbiltzen diren pertsonekin egiten ditugun beste edozein entrenamendukoak bezalakoak dira. Alde bakarra da porlanezko patio batean gaudela horma eta burdin-hesiz inguratuak, eta, horregatik, ezin gara lurrera bota.

Entrenatzaile eta egitasmoaren arduradun bezala, zein da proiektu honetako erronkarik nagusiena?

Basauriko zein Martuteneko espetxeak sateliteak dira, hau da, ohikoa da gurekin jolasten duten pertsonak zentro horietatik ateratzea edota beste kartzela batera bidaltzea. Beraz, gure helburua ere bada haiek entrenamenduetatik kanpo kirol hau praktikatzen jarraitzea. Nahi duguna da haiek sentitzea zerbaitetarako balio izan zaiela errugbian ikasitakoa.

Nolakoa izan da harrera presoen artean?

Harrera oso ona izan da, izan ere, sekulako arrakasta da eguaztenero 13-15 lagun entrenatzera etortzea. Gainera,  presoen artean elkar animatzen dira jende gehiago entrenamenduetara hurbildu dadin. Beraz, oro har, oso pozik gaude jasotako harrerarekin.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun