Pilotari moduan, zelan hartu duzu Nazioarteko Pilota Federazioak Euskadiko selekzioaren ofizialtasunaren alde bozkatu izana?
Niretzat amets bat bete dela esango nuke. Beti izan dut amets euskal selekzioarekin munduko txapelketa batean parte hartzeko aukera izatea, eta, dena ondo bidean, espero dut 2026koan horretan parte hartzeko aukera izatea, nahiz eta zahartzen hasia naizen. Urte askotan egin den aldarrikapen bati erantzuten dio erabakiak, eta, nire iritziz, erabat logikoa da euskal pilotan euskal selekzioak parte hartzea. Hala ere, Euskadiko Federazioak lortu du FIPVn (Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioa) ofizialtasuna, eta orain ikusi beharko da zelan lortu daitekeen zazpi probintzietako pilotariak selekzioaren barruan egotea. Nolanahi ere, barruan egonda, lanak asko errazten dira, eta bide berri bat ireki dela uste dut.
Zer aldaketa ekarriko du horrek kirolarientzako?
Kirola profesionalizatuko da eta erakunde publiko zein pribatuek diru gehiago inbertituko dutela uste dut. Gainera, kirolarientzako beka eta dirulaguntza gehiago emango direla uste dut. Beste kirolen pare jarriko da euskal pilota, eta federazioak ere maila igoko duela uste dut.
Espainiako Federazioak, baina, helegitea aurkeztuko duela iragarri du. Zer min egiten dio horri bertokoa sortu ahal izateak?
Argi zegoen errekurtsoa aurkeztuko zuela, baina, esaten dutenez, haiek egindako akats baten ondorioz ezin izan ziren FIPVko bilera orokorrean egon, eta hori modu legalean egin zela aipatu dute. Beraz, espero dut errekurtsoak aurrera ez egitea eta erabakiak betearaztea. Espainiakoan, gauzak asko aldatu ezean, presidente aldaketa egongo da, eta hori ona izango da Euskadiko Federazioarentzat.
Zer aitorpen-maila du izango du orain Euskadiko selekzioak pilotaren munduan nazioartean?
FIPVko azken asanblada orokorraren ostean, Euskadiko Federazioa erabateko partaide da Nazioarteko Federazioan, beste federazioen pare. Beraz, erabateko aitorpena du, horrek ematen dizkion eskubide eta betebeharrekin.
Azkenik, zer esango zenieke erabaki hori “gehiegikeria nazionalista” deritzenei?
Albiste hau atera ondoren, zuk aipatzen dituzun nazionalista espainolak agertu dira eskuak burura eroanda. Esaten dute erabaki hau politikoa dela, Espainiaren kontra egitearren egin dela eta Espainia "zatitzen" duela. Noski erabaki politikoa dela. Euskaldun sentitzen garenok eta Euskal pilota maite dugun askok faltan botatzen genuen erabakia da hau. Baina beste aldetik, haien iritzia ere ulertu daiteke: Euskadiko Euskal Pilota Federazioa ofizial izatea nahi ez dutenen jarrera ez al da politikoa? Noski politikoa dela.
Horregatik, uste dut erabakiaren kontra kaka botatzen ari direnei ez zaiela kasu handirik egin behar. Aitzitik, denon artean lankidetza egin behar da euskal pilotaren alde. Joan den astean jaso genuen albistea gure kirolarentzat oso ona dela iruditzen zait.