EH Bilduk deitoratu duenez, gardentasunez jokatu eta eraispenagaz lotuta eskura dagoen dokumentazio guztia aurkeztu beharrean, EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernu-taldeak "oztopoak" jarri dizkie, "behin eta berriz", gainerako indar politikoen informazio-eskaerei. "Horren adibide izan zen urrian deitutako ezohiko batzordea, EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariek behartuta: gobernu-taldeak ez zituen erantzun nahi izan eraispen irregularrarekin lotutako 27 galdera, eta erantzun gabe geratu ziren".
Egoera horren aurrean, EH Bilduk Fiskaltzara jotzea erabaki zuen, kasuari lotutako dokumentazio guztia emateko asmoz. Hala ere, koalizioak salatu du Udalak ez duela aurrerapausorik eman ildo horretan, eta gaur egun ez dagoela epaitegietan gertatzen denaren berri ere, ez baitago auzian pertsonatuta.
"EAJk eta PSE-EEk gardentasuna oztopatu dute, kontrakoa esan arren. Ezohiko batzordea eta haren garapen eta kudeaketa anormala horren adibide argiak izan ziren. EH Bilduren nahia da gertaerak argitzea eta, batez ere, udal gobernu taldeak gure ondare arkitektonikoaren defentsan konpromisoa hartzea. Udal teknikarien lana ez dugu inola ere zalantzan jarri, baina esan dugun bezala, nabaria da arduradun politikoen borondate politiko falta".
Udalaren lan politikoa legitimatu gura du EAJk
EAJ udal-taldeak, bere aldetik, udal-erakundean egiten ari den lan politikoa babestea eskatu du, eta EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi "kontrakoa higatzeko" jarrera leporatu die. "Bi alderdiek badakite Getxoko Udalak neurriak hartu dituela. Legeak hirigintza-diziplinaren esparruan eskaintzen dituen neurriak aktibatu dira, ikerketa-prozedura bat abian jarri da, eta, aldi berean, auzitegien esku utzi da informazioa eta lankidetza eskaintzeko aukera".
Hori horrela, jeltzaleek ez dute ulertzen gaiari lotutako ezohiko osoko bilkura egiteko eskaera. "Ez zaigu egokia iruditzen kontu guztiz tekniko batean, dagoeneko Udalean bertan eta epaitegian ikertzen ari denean, aurkaria higatuz etekin politikoa bilatzea". Ildo horretan, nabarmendu dute Fiskaltza herri-akusazio gisa ari dela bere lana betetzen.