"Irurak Bat" auzia

EAJk, PSE-EEk eta PPk errefusatu egin dute Getxo Udala herri-akusazio gisa aurkeztea 'Irurak Bat' auzian

Iker Rincon Moreno 2025ko urt. 31a, 09:55

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek eskatuta, ezohiko osoko bilkura egin zuten atzo, eguenean. Horren bidez, Getxoko Instrukzioko 2. zenbakiko Epaitegiaren aurretiazko eginbideetan Udalak herri-akusazioa egitea eskatu gura zuten alderdi bi horiek, Algortako San Nikolas kaleko 11. zenbakian zegoen eraikina legez kanpo eraisteari dagokionez. Hala ere, proposamena atzera bota zuten EAJk eta PSE-EEk, kontra bozkatu bozkatu baitzuten, eta baita PPk ere, abstenitu egin baitzen.

Ereaga Atalaya promotoreak bota zuen joan den abuztuan 'Irurak Bat' eraikina, horretarako baimenik gabe. Izan ere, hasieran aurkeztutako proiektuaren arabera, eraikin historikoa mantentzea aurreikusten zen, baina, azkenean, hura eraitsi zuten, eta horrek urratu egin zuen aldez aurreko lizentzia. Ondorioz, Udalak hainbat ekintza hasi zituen legezkotasuna berrezartzeko asmoz.

Horren guztiaren aurrean, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek abokatu bat eta prokuradore bat hautatu dute akusazioa egiteko eta salatu dute udal-gobernuak (EAJ eta PSE-EE) "oztopoak" jartzen dituela ikerketan: "27 galdera uzten ditu gai honi buruz erantzun gabe, eta ilunzalea da, gardentasunez jokatu beharrean; hori larria da, eraikin babestu bati buruz hitz egiten ari garelako eta gure ondarea defendatu eta zaindu behar dugulako, modurik onena izanik herri ekintza gisa pertsonatuz”.

Horri erantzunez, gobernuko kideek adierazi dute “epaitegiek eta auzitegiek argudiatutakoaren arabera", administrazio publikoek herri-akusazioa egitea ez dela "bidezkoa" interes orokorra defendatzeko, "Ministerio Fiskala baita hori egiteko eskumena duen organoa. Gainera, ez ditu Getxoren interes orokorrak bermatzen". Hala, gobernu-taldeak ekintza politikoaren legitimazioa aldarrikatu du, osoko bilkura "agertoki mediatiko" gisa erabiltzearen aurrean: “Bi alderdiek badakite Udalak zer ekintza egin dituen, administrazio-arloko zehapen-eskumenak erabiltzen ari dela eta bi zehapen-prozedura daudela abian, eta Fiskaltzari gertaeren berri emateko aukera dagoela, delitu izan daitezkeela uste badu. EH Bilduren eta Podemosen proposamenak udal-zerbitzu juridikoen profesionaltasuna gutxiesten du, ez ditu prozesu judizialak errespetatzen eta maniobra demagogikoa baino ez da, udal gobernua ahuldu eta lan instituzionalari zilegitasuna kendu nahi diona”.

Popularrek abstentziora jo zuten, haien iritziz, gobernuaren ekintza "negargarria" izan arren, ez daudelako ados abokatua eta prokuradorea izendatzeagaz Udalean zerbitzu-juridiko bat dagoenean eta zerbitzu hori arduratu daitekeenean. "EH Bildu eta Podemos inprobisazioan eta planifikazioan erori dira, eta akatsa izan zen Fiskaltzara datu osatugabeekin joatea. Guk kasua ikertzen eta aztertzen jarraitzen dugu, eta delitu zantzurik badago, akusazio partikular gisa aurkeztuko gara", iragarri dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun