"Gure herritarren gozamenerako eta ongizaterako pentsatutako espazio bat da eta auzotarren eskaerei erantzuten die", adierazi du Amaia Aguirre Getxoko alkateak gaur egindako aurkezpenean. Udal-ekipamendu berriaren lanek bost hilabeteko epea izango dute eta horren aurrekontua 1.002.000 eurokoa izango da. Partida horren zati bat, 446.000 euro, 2023ko aurrekontu parte-hartzaileen kargura joango da, umeen jolasguneko estalkiaren kostua ordaintzeko, hain zuzen.
"2023 urteko parte-hartze izaerako aurrekontuetan hartu genuen konpromisoarekin batera, eta hauteskunde-programan nahiz legegintzaldiko planean jaso genuenez, Getxok haurrentzako 45. parkea izango du ekainean. Udalean, auzotar guztientzako azpiegitura moderno eta irisgarrien aldeko apustua egiten jarraitzen dugu. Gure asmoa, Getxo bizi-kalitatean eta herritarrentzako aisialdiko espazioetan erreferente izaten jarraitzea da. Eskerrak ematen dizkiegu prozesuan parte hartu duten guztiei. Konfiantza dugu jolastoki berri hau familiarekin batera gozatzeko eta kirola egiteko topagune aproposa izango dela", adierazi du alkateak.
Lau eremu
Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi Janire Ociok azaldu duenez, Areneko parke berri honek azalera handia izango du, 1.370 metro koadro, eta “ondo mugatutako lau gune instalatuko ditugu: horietako bi, estaliak, haurrentzat bakarrik izango dira, eta jolasak izango dituzte, hala nola txirristak, zabuak edo igotzeko egiturak; hirugarren batek kirol anitzeko pista bat hartuko du, ate eta saskiekin; eta laugarrenean, kalistenia gune bat eta beste kirol elementu batzuk egongo dira adin guztietarako eta mugikortasun murriztua duten pertsonentzat, beren egoera fisikoaren arabera ariketa desberdinak erraz egin ahal izateko”.
Batetik, parkeko lehengo zonaldean kirol anitzeko pista bat egongo da, 22x12 metrokoa, saretakaz itxitako ateakaz, altuera doigarria duten saskiakaz, alboetako sarbideak eta beste sarbide inklusibo bat dituen pista bategaz eta belar artifizialagaz.
Bestetik, bigarren zonan, 17x14 metroko dimentsioa duena, umeentzako jolaserako elementuak jarriko dira estalkipean, 2 eta 6 urte bitartekoentzat. Eremu horretan adingabe bat baino gehiago egon ahal izango da aldi berean, eta zoladura indargetzailea izango du. Honako hauek osatuko dute, gutxienez: igotzeko egitura bat, sehaska eserlekua duen kolunpioa, eserleku hirukoitza duen zabua eta oreka, igoera eta txirrista irisgarriko jarduerak egitea bermatzen dituen jolasgunea (estalkiaren barruan zein kanpoaldean).
Hirugarren eremuan 5 urtetik gorako adingabeentzako hainbat joko-elementua egongo dira. Aurreko eremuaren neurri bera izango du, hau da, 17x14 m, eta gutxienez 2 txirrista, igotzeko guneak eta altuera desberdineko pasarelak izango ditu.
Azkenik, laugarren eremuan, 270 metro koadroko azaleragaz, hainbat elementu jarriko dituzte ariketak egin ahal izateko zintzilikatuta eta laguntzagaz, horietako batzuk mugikortasun urriko pertsonentzat pentsatuak. Era berean, kalistenia eremu bat izango da, muskuluak berotzeko eta indartzeko ariketak egiteko (batez ere gorputzaren pisuaz baliatzen den entrenamendu sistema da, indarra eta gaitasun kardiobaskularra hobetzeko).