Getxoko PSE-EEk ere Agaleusen hondakin-planta Bilboko Portuan kokatzearen aurkako alegazioak aurkeztu ditu

Erredakzioa 2025ko ots. 21a, 08:29

Getxo PSE-EEren udal-taldeak ere alegazioak aurkeztu ditu Sader Profersaren jabea den Agaleus Circular Thinking enpresaren hondakin-tratamendu plantaren kokapenaren aurka. Sozialisten ustez, Bilboko Portuan kokatzeak inguruko airearen kalitateari eta bizilagunen osasunari kalte egin diezaioke.

Carmen Diaz  bozeramaileen arabera, Agaleusek aurkeztutako ingurumen-azterketak ez du behar bezala aztertzen airearen kutsadura, usainak eta beste eragin negatibo batzuk. Are gehiago, Tecnaliaren txosten batek ohartarazi duenez, portuko kutsatzaileak Getxora mugitzen dira haizearen ondorioz, eta horrek arazoa larriagotu lezake.

Sozialisten arabera, Agaleusen jarduerak azidoak, lokatzak, errautsak eta beste hondakin toxiko batzuk kudeatzen ditu, eta horrek herritarren kexak eragin ditu aurretik. Nahiz eta Zorrotzako instalazioaren lekualdaketa beharrezkoa dela onartu, deitoratu du Bilboko Portuan kokatzeak arazoa beste gune batera eramango lukeela soilik.

Horrez gain, PSE-EEk azpimarratu du ingurumen-txostenak hainbat gabezia dituela: alternatiba gehiago aztertu behar ziren, eta mugikortasunaren, itsasorako isurketen eta klima-aldaketaren eraginaren analisia falta da, besteak beste.

Sozialistek kokapen alternatibo bat bilatzea eskatzen dute, ingurumenari eta herritarren osasunari kalte egin gabe. “Sader Zorrotzatik ateratzea beharrezkoa da, baina Bilboko Portua ez da aukerarik onena”, adierazi dute.

Getxoko Udalak ere alegazioak aurkeztu ditu, baina PSE-EEk gehigarri propioak aurkeztea erabaki du, "gaiaren garrantzia dela eta". Aurretik ere, Elkarrekin Podemosek bere alegazioak aurkeztuko dituela iragarri zuen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun