Begoñako Galerien zaharberritzea 2031n amaituko dutela iragarri dute

Erredakzioa 2025ko mar. 12a, 16:57

Eskuinetik ezkerrera: Peraita, Aguirre eta Garcia, gaur Begoñako Galerietara egindako bisitan. © GETXOKO UDALA

Getxoko Begoñako Galerien zaharberritzeak bide onean jarraitzen du, eta 2031rako amaitzea aurreikusten dute. Hala adierazi du Amaia Aguirre Getxoko alkateak gaur Carlos García Gobernuaren Bizkaiko ordezkariordegaz eraikin enblematikora egindako bisitan. Martxan dauden lanen esparruan, Espainiako Gobernuak 770.000 euroko diru-laguntza eman du 2025-2027 aldirako, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren % 2ko kultura-programaren bidez.

2021ean, Punta Begoña Fundazioa eratu zenetik, erakunde guztiek sumatu dute proiektuaren garrantzia, eta proiektuaren aldeko apustua egin dute. Hala, Espainiako Gobernuko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioak, %2 Kulturala programaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Getxoko Udalak berak finantzatzen dituzte galeriak berreskuratzeko eta balioztatzeko lanak. Ondorioz, gaur egun, Maria Peritak zuzentzen duenPunta Begoña Fundazioaren jardueraren %50 Udalaz kanpoko inbertsioagaz ordaintzen da.

Horregatik, Gobernu Zentralaren balorazioa eta laguntza, 2025-2027 faserako ia 770.000 eurogaz, funtsezko bultzada izan da proiektuarentzat, Begoñako Galeriek bigarren deialdi batean hautatua izatea lortu baitu Estatu osotik datozen ia mila proposamenen artean. Horrek proiektuaren balioaz eta proiektuaren kudeaketaren estimazio handiaz hitz egiten duela azpimarratu dute Udaleko iturriek.

Finantzaketa horregaz, besteak beste, areto handiaren erabilera publikoa murrizketarik gabe ahalbidetuko duten obrak egingo dira, lurzoruaren eta sabaiaren egitura konplexua finkatuz eta sendotuz, bai eta gune adierazgarri horretarako sarbidea ematen zuen eskaileraren eta jatorrizko atariaren dekorazioen zaharberritze integral eta zientifikoa ere. Horrela, galdutako zirkulazio historikoa berreskuratuko dute eta monumentuak zaharberritu ondoren izango duen etorkizuneko estetika ikusaraziko dute.

"Itsasertzeko paisaia ikonoa"

Amaia Aguirre alkateak berreskuratze fase honen garrantzia azpimarratu du gaurko bisitan: "Datozen urteetan, urtetik urtera, Punta Begoña gero eta gehiago izango da sorkuntzarako, erakusketarako eta prestakuntzarako gune ireki bat, aisialdirako eta gizarte-gozamenerako gune bat, bere kokapenagatik, historiagatik eta edertasunagatik aparteko ekipamendu zibikoa. Horretarako, ezinbestekoa da 2025-2027 aldian obra gauzatzeko ahalegina egitea, monumentuaren berreskurapen fisikoan, funtzionalizazioan eta, hiri ikuspegitik, ingurunea eta kostaldea edertzen laguntzeko. Hortik aurrera, eta ondare gunearen nukleo funtzionala berreskuratuta eta erabiltzeko gaitasun osoarekin, 2025-2030 aldiak eraikinaren erakusketa-, prestakuntza- eta hiri-erabilerarako aukerak sendotzeko eta zabaltzeko balioko du, egokitutako eta itxitako espazio berriak sartuta. Azkenik, iparraldeko (Antzezpen-aretoa) eta hegoaldeko (Olgetarako galeria) poloak beren aukera soziokulturalak erakusten ari direnean, beharrezkoa izango da monumentuaren hiri-irudia bukatzea, 2029-2031 aldian Getxoko itsasertzeko paisaia ikonoa berreskuratuko duena”.

Bere aldetik, Carlos Garcia Gobernuaren Bizkaiko ordezkariordeak Gobernu zentralak ondare historiko eta kulturala berreskuratzeko duen konpromisoa nabarmendu du: "Inbertsio honek erakusten du erakundeek elkarrekin lan egin behar dugula herritarrei mesede egingo dieten ekimenetan. Punta Begoñako zaharberritzea elkarlan horren adibide da ".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun