"Irurak Bat" auzia

Getxoko Udalak 50.000 euroko isuna ezarri dio "Irurak Bat" etxea eraitsi zuen enpresari

Iker Rincon Moreno 2025ko mar. 14a, 11:43

Getxoko Udalak 50.000 euroko zigorra ezarri dio Algortako San Nikolas kaleko 11. zenbakian 11 zenbakian 12 etxebizitza eraikitzeko proiektua sustatu zuen Ereaga Atalaya enpresari. Zehapen-espedientean aurkeztutako alegazioak ezetsi ostean hartu du erabakia, eta zigorraren arrazoia nahitaezko hirigintza-lizentziarik gabe eraikinaren lau fatxadak eraistea izan da. Arau-hauste hori, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 225.2 b) artikuluaren arabera, larritzat jo du gobernu-taldeak.

Udalak adierazi du kasu honen prozedura hirigintzako beste edozein arau-hausteren prozesu bera izan dela, eta modu "irmo eta arduratsuan" jardun dutela legezkotasuna bermatzeko eta herritarren eskubideak defendatzeko. Gainera, udal-arduradunek nabarmendu dute egindako arau-hausteari aurreikusitako gehieneko isuna ezarri zaiola enpresari, kontuan izanik inguruabar larrigarri bat: "enpresa sustatzaileko arduradunen ezagutza teknikoaren maila eta eragindako kaltea saihesteko neurriak ez hartzea".

Hirigintzako araudiaren arabera, arau-hauste larriak 5.001 eta 50.000 euro arteko isunakaz zigortu daitezke. Kasu honetan, Getxoko Udalak gehieneko zenbatekoa ezartzea erabaki du, jarduketaren larritasuna eta enpresaren erantzukizuna kontuan hartuta.

Ebazpen horren aurrean berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke hilabete bateko epean, eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa bi hilabeteko epean.

Bestalde, Getxoko Udalak berretsi egin du hiri-ingurunea babesteko eta indarrean dagoen hirigintza-araudia betearazteko duen konpromisoa. Horretarako, udalerrian egiten diren hirigintza-jarduerak behar bezala garatzen direla bermatzeko neurriak aplikatzen jarraituko dutela adierazi dute udal-iturriek.

Isuna, "txantxa"

Isunaren berri izan bezain laster, Elkarrekin Podemosek baloratu du hori "txantxa" bat dela, "eta Udalak ondarearekiko duen interesaren froga". Deitoratu duenez, Udalak soilik baloratu du eraisketa lizentziarik gabe egin izana, eta ez "Irurak Bat" eraikina elementu babestua zela.

Era berean, talde morekoek salatu dute, borondatezko ordainketa eginez gero, enpresak soilik 32.000 euro ordaindu beharko lituzkeela. "Ordea, oso larritzat jo izan balitz, 500.000 izan zitezkeen. Azkenean, enpresa eraikitzaileari kontura ateratzen zaio eta etorkizunerako aurrekari txarra izango da. 32.000 euroren truke, edozein enpresak gure herriaren ondarea gainetik kendu ahal izango du".

Ildo berean kokatu da EH Bildu, ezarritako isuna nahikoa ez delakoan. “2024ko abuztuan eraitsi zuten eraikin historiko hau, nahiz eta babes berezia zuen, eta horrek Getxoko ondare kulturalean kalte konponezina eragin du”.

Koalizio abertzaleak bere ezinegona adierazi du udal-gobernuaren (EAJ-PSE) kudeaketagaz, eta salatu du “gardentasun falta eta Udalak gertatutakoa argitzeko izan duen jardunik eza”. Horren aurrean, EH Bilduk gogoratu du Bizkaiko Probintzia Fiskaltzara jo zuela 2024ko urrian, jauregiaren eraisketan eta Udalaren jardunean egon zitezkeen irregulartasunak ikertzeko eskatzeko.

Horrez gain, EH Bilduk eskatu zuen Getxoko Udala akusazio partikular moduan aurkez dadila irekitako prozedura judizialean, “erantzukizun guztiak argitu daitezen eta etorkizunean antzeko egoerak errepika ez daitezen neurriak har daitezen bermatzeko”.

Koalizio abertzaleak ere kritikatu du ezarritako 50.000 euroko zigorra ez dela ahal den altuena, izan ere, irailean irekitako zigor espedienteak  500.000 euro arteko isunak aurreikusten zituen. Hala, bere ustez, “erabaki horrek argi uzten du udal gobernuak ez duela benetako borondaterik ondare kulturala suntsitzen dutenen aurka neurri zorrotzagoak hartzeko”.

Salatu du “oso merke” ateratzen dela tokiko ondarea botatzea, “izan ere, isun sinboliko honek ez du etorkizunean bestelako enpresei irregulartasunak egitea eragozten”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun