BizkaiBizi-k hiriko mugikortasuna hobetzeko hiru gurpileko bizikleta elektrikoen proiektu pilotu bat abiaraziko du

Erredakzioa 2025ko mar. 24a, 10:55

Trizikloak gainontzeko bizikleten prezio berdinean alokatu ahal izango dira, baina, momentuz, Getxon bakarrik jarriko dute bat, herritarren erantzuna aztertzeko. © BFA

Martxoaren 24tik aurrera, BizkaiBizi zerbitzuak hiru gurpileko bizikleta elektrikoak eskainiko ditu Getxon, erreserbarik gabe erabiltzeko. Egonkortasun handiagoa, karga-gaitasuna eta hiriko mugikortasun jasangarrirako alternatiba izateko helburua duen ekimena izango da.

BizkaiBizi, Bizkaiko Foru Aldundiaren bizikleta elektrikoen alokairu zerbitzuak, proiektu pilotu bat hasiko du, eta hiru gurpileko bizikleta elektrikoak jarriko ditu herritarren eskura Getxon. Ekimen honen helburua mugikortasun jasangarriaren aukerak zabaltzea dela adierazi dute Aldundiko iturriek, garraiobide hori erabiltzaile guztiei hurbiltzeko, behar bereziak dituztenen haratago.

Gaur egun, BizkaiBizik hiru gurpileko bederatzi bizikleta elektriko ditu, parte hartzen duen udalerri bakoitzeko bana. Hala ere, haien erabilera mugatua izan da aurrez eskatu beharra zegoelako.

Hala ere, gaurtik aurrera, Getxoko Bizkaia Zubia geltokian hiru gurpileko bizikleta bat egongo da eskuragarri, aurretiazko erreserbarik egin beharrik gabe. Ibilgailu honek laguntza elektrikoa, zazpi abiadura eta erabiltzaileak erregulatu ditzakeen hiru laguntza maila ditu. Bizikleta hau geltoki horretan bakarrik alokatu eta itzuli ahal izango da, herritarren erabilera espontaneoa errazteko helburuagaz.

Hiru gurpileko bizikleta elektrikoek abantaila esanguratsuak eskaintzen dituzte hiriko mugikortasunerako. Alternatiba jasangarri bat izateaz gain, zama gehigarriak -erosketak edo ekipajea- garraiatzeko aproposak dira, egonkortasunari eta karga-gaitasunari esker. Horrek aukera praktiko bihurtzen ditu eguneroko jardueretan objektuak garraiatu behar dituzten pertsonentzat. Era berean, hiru gurpileko diseinuak egonkortasun handiagoa eskaintzen du, adin eta egoera fisiko guztietako pertsonei mesede egiten baitiete.

Proiektu pilotu honen bidez, hiru gurpileko bizikleta elektrikoen harrera eta funtzionaltasuna ebaluatuko dute herritarren artean. Emaitzak aztertu ondoren, zerbitzua BizkaiBizi-ko beste udalerri batzuetara zabaltzeko aukera aztertuko dutela ere aurreratu dute. Udalerri bakoitzeko geltokien kokapena udalakaz adostuko dute, eskaera handiko eta erabiltzaileentzat seguruak diren guneak lehenetsiz.

Hiru gurpileko bizikleten tarifak eta funtzionalitateak BizkaiBizi zerbitzuko bizikleta elektrikoen berberak izango direla ere zehaztu dute, erabiltzaileentzako esperientzia homogeneo eta irisgarria sustatzeko. Proiektu honek BizkaiBizi-ren konpromisoa islatzen du zerbitzua etengabe hobetzeko, herritarren beharrak eta iradokizunak kontuan hartuz, mugikortasun inklusibo eta jasangarriagoa bultzatzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun