Eusko Jaurlaritzak neurriak hartuko ditu Getxoko etxebizitza turistiko irregularrak erregistrotik kentzeko

Iker Rincon Moreno 2025ko api. 8a, 11:29

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak neurriak iragarri ditu Getxoko etxebizitza turistikoei erregistro ofizialetik (ETEE) baja emateko, tokiko hirigintza-araudia betetzen ez badute. EH Bilduk ohartarazi duenez, udalerrian legez kanpoko mota horretako 85 etxebizitza daude gaur egun.

Itziar Murua EH Bilduko kideak Legebiltzarrean egindako galdera baten harira Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak emandako erantzunean zehazten denez, Eusko Jaurlaritzak daborduko bilera bat egin du Getxoko Udaleko Irantzu Uriarte Turismo zinegotziagaz irregulartasun horiek aztertzeko. Hala, Saileko arduradunak azaldu duenez, Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzak EAEko turismo-enpresen eta -jardueren erregistrotik (ETEE) kenduko ditu irregularrak diren etxebizitzak, baina, hori egin ahal izateko, Udalak txosten bat bidali beharko duela, bizitoki horiek udalerriko hirigintza-araudia zergatik betetzen ez duten arrazoituta.

Eusko Jaurlaritzak onartu du gaur egungo inskripzio-sistemak, higiezinaren titularraren erantzukizunpeko adierazpen batean oinarrituta, erregistroan automatikoki alta emateko aukera ematen duela, Europako araudia betez (Bolkestein Zuzentaraua), eta horrek zaildu egin duela etxebizitza turistikoen egoera irregularrak goiz detektatzea.

Arazo horri aurre egiteko, Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzako ikuskatzaileak indartzeko eskatu du Sailak, eta jakinarazpen bat bidali die 252 udali, turismo-lizentziak emateko luzamenduak edo murrizketak ezarri dituzten jakinaraz diezaieten. Neurri horren helburua da kontrol-prozesuak arintzea eta legez kanpoko edo baimendu gabeko eskaintzaren aurrerapena geldiaraztea.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak azaldu du Turismo Lege berri batean ari dela lanean, ikuskapen-mekanismo zorrotzagoak izango dituena. Horren bidez, Iraupen Laburreko Alokairuen Europako Erregelamendua eta Jabetza Horizontalaren Legea –orain jabeen erkidegoaren onarpena eskatzen du erabilera mota horretarako– egokitu egingo direla iragarri dute agintariek, eta arau-hausteen larritasunaren araberako zehapenen mailaketa hobetuko da.

 

 

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun