Liburu honen lehenengo kapituluan euskararen genero gramatikalak ikusarazten dituzu.
Bai. Ohikoa da esatea euskara generorik ez daukan hizkuntza dela, baina genero aztarnak baditu. Esaterako hizkuntza erromantzeetatik jasotako -(t)sa atzizki femeninoa: alkatesa edo bekhatoresa bezalakoetan. Guri, mendebaldekoei, bitxia egingo zaigu, baina ekialdeko hizkeretan oraindik bizirik dagoen morfema da, batez ere, xibereraz. Mendebaldekoei oso ohikoa zaizkigu “kokolo bat da” edo "ez zaitez memela izan" bezalakoak. Edo zuek bezalako gazteek esaten duzuenean, “tipa-tipo hori”. Hor mailegatutako genero morfema bat dago.
Gero, hitanoaren auzia dago. Hitanoa benetan bada generoaren agerraldi bitxia gurea bezalako hizkuntza batean. Dakizuen bezala, badago emakumezkoei zuzentzeko erabili beharreko tratamendua, noka deritzona, eta toka, gizonezkoekin erabili ohi dena. Hori aztertu duten ikertzaileek erakutsi dute hitanoa gorde den herrietan toka mantendu dela, baina ez, ordea, noka. Beraz, hor badago aztertu beharreko zerbait.
"Soinu espazioa betetzen dutenak gizonezkoak dira"
Gainera, hizkuntzaren asimetria ere landu duzu bigarren kapituluan.
Batzuetan, hizkera berdinzalea edo ez sexista aztertu izan denean, batez ere, genero gramatikalari erreparatu zaio. Nire ustez, ez zaio behar beste erreparatu gizon eta emakumeek elkarrizketetan duten jokabide erabat berezituari. Bertan arrakala izugarria dago. Adibide bat emango dizut: unibertsitatean 90 ikasleko taldeak ditut eta batez ere hitz egiten dutenak gizonezkoak dira, ez emakumezkoak. Mutilek hitz egiten dute galdetzen ez diezuenean ere; hitz egiten dute beste norbaiti hitz egiten diozunean eta beste norbait hori emakumea denean, ez dute txanda errespetatzen… Azterketa zientifikoak egin dira eta hor ere ikusi da, pentsatu denaren kontra, soinu espazioa betetzen dutenak gizonezkoak direla.
Besterik gabe ikasgela osoari "zer uste duzue honetaz?" esaten badiozu, ziur aski hitz egingo duena gizonezko bat izango da. Denak partaide izatea nahi baduzu ohartu behar zara genero arrakala horretaz eta esan, “zu, Peio, ixo! Hitz egin dezala Leirek!”. Isiltasuna ere aztertzen dut: zer jarrera dagoen ikasgeletan, enpresetan… edozein tokitan. Liburua idatzi eta gero, emakume asko hurbildu zaizkit eta eman didate arrazoia. Bestetik, badago beldur hori ere hitz egitearena, behar beste ez dakigulakoan… eta, gizonezkoek, aldiz, hitz egiten dute ezertxo ere ez dakitenean ere, kar-kar-kar.
Bukatzeko, hirugarren kapituluan tabu hitzak aztertzen dituzu.
Beti esan izan da hizkuntzalaritzan emakumezkoek ez dutela tabu hitzik erabiltzen. Ez dutela iraintzen, ez dutela biraorik erabiltzen, ez dutela madarikatzen… gizonezkoek ez bezala. Horren inguruko hausnarketa egiten dut, hori esaten denean, nire ustez, ez delako bakarrik generoa tartekatzen ote den ala ez, baizik eta zer emakume motaz hitz egiten ari garen. Ni txikia nintzenean oraindik sardinerak ibiltzen ziren Santurtzin gora eta behera saltzen. Portuan entzuten zena ez zen bereziki oso eufemistikoa.
Gainera, irainen berjabetzeaz ere hitz egiten dut. 60ko hamarkadan jaiotako alaba naiz eta garai hartan bollera oso irain mingarria zen. Gaurko gazteen ahotan eta Algortako kaleetan ikusten dut bollera izatea aldarrikatzen dutela. Irainaren esanahi hori irauli egin dute eta hori jaso duen taldea berjabetu egin da horren zentzuaz, harrotasunezko esanahia emateko.
Bukatzeko, tabu eta eufemismoez ere hitz egiten dut. Adibidez, Australiako hizkuntza batzuetan amaginarrebaren hizkuntza deritzen hizkerak daude. Ez dira amaginarrebarenak ez hizkuntzak ere, baina deitura hori dute. Horiek dira tabu hitzak saihesteko erabiltzen diren hizkera eufemistikoak. Orduan aztertzen ditut Hegoafrikan bortxaketa kasuetan hizkera eufemistiko hori erabiltzearen ondorioz nola ez duten aurrera egiten salaketek. Poliziari ezin diote esan zer gertatu zaien bortxatu dituztenean, ezin dutelako euren hizkeraz benetan gertatu dena azaldu, tabu bat delako.
Gaur egun badaude genero-identitate ezberdinak, horien artean, ez-bitarrak. Uste duzu euskara horietara moldatu beharko litzatekeela? Adibidez, anai-arreba/neba-ahizpa bezalako ahaidetasuna izendatzeko.
Oso jende interesgarria ezagutu dut liburu hau dela eta, euren gogoeta nirekin partekatu dutenak. Nik uste dut bertan oso inportantea dela hiztunek eurek zer egiten duten. Ni ez naiz pertsona horietako bat, beraz, nik nire hautu linguistikoak ditut eta ezin diot inori esango nola hitz egin behar duen. Nire ustez, eurak egiten ari diren gogoeta oso interesgarria da, batez ere, eurentzako asegarria bada. Lehen tokaz eta nokaz hitz egin dugu, baina Nafarroako Ehgam taldekoek xoka deritzon hitano ez-bitarra proposatu dute. Hori den euskaldunok zirikatzeko? Balitekeena da, baina gogoeta bat dago. Oso barregarriak dira, horietako batek esaten didalako, “Beno, Beatriz, mila eskuir!” mila esker esan beharrean, kar-kar! Beraz, hori oso polita da!
Hizkuntzalariok egiten duguna da hiztunek zer esaten duten eta nola hitz egiten duten jaso, deskribatu eta azaldu. Hizkuntza hiztunok egiten dugu, hizkuntzalari izan zein ez izan, pertsona zis-heteroak izan zein ez-bitarrak izan. Euskaldun ez-bitarrak dauden bitartean eta euskaraz badihardute, horrek esan nahi du euskara ez-bitarra egongo dela. Hizkuntzak aldatzen joaten dira, birpentsatu egiten ditugu eta horren araberako hautu linguistikoak egiten dira, hizkuntza bizirik dagoelako.
Nori gomendatuko zenioke liburu hau?
Harrituta nago zelako oihartzuna izan duen liburuak (maila txikian, kar-kar). Nik uste dut hori dela jendeak benetan sexuaren eta generoaren inguruko hausnarketa egiten duelako eta hizkuntzan duen eraginarekin kezkatuta dagoelako. Esango nuke generoak eta sexuak hizkuntzan zer eragin duten jakin nahi duen edozeinek irakur dezakeela. Liburua laburtxoa da, atalka ordenatuta dago eta edozein euskaldunentzako aproposa da.
HIRUKAlagunek aukera dute Beatriz Fernandezen liburua eskuratzeko, hemen