Apirileko ohiko osoko bilkurak mozioen eztabaida izan du ardatz Getxon

Erredakzioa 2025ko mai. 5a, 12:05

Getxoko bidegorriak hobetzeko mozio bat onartu zuten, besteak beste.

Getxoko apirileko ohiko bilkuran bost mozio onartu ditu Udalbatzak, hala nola 65 urtetik gorako pertsonentzako diru-laguntzak sortzea bainuontziak dutxengatik aldatzeko; behar soziosanitarioak dituzten pertsonentzako etxebizitzak birgaitzeko laguntzak bideratzea; bidegorrien mantenua hobetzea; Portu Zaharreko autoen trafikoa arautzea; eta Getxoko eta Leioako udalen aldetik koordinazio mahai iraunkor bat sortzea, Amaia kalean partekatzen dituzten eremuetan mugikortasuna eta hiri trazadura hobetzeko.

Mozioak izan ziren eztabaidaren ardatz joan den eguazteneko ohiko osoko bilkuran, Getxoko Udalean. Oposizioko taldeek aurkeztutako sei mozioetatik bost onartu zituzten, "testigantzako izaera hutsarekin, ez exekutiboa", udal-iturriek nabarmendu dutenez: bi PPrenak, beste bi EH Bildurenak eta bat Elkarrekin Podemosena.

Horietako bi eremu soziosanitarioagaz lotuta daude. Bata, talde popularrarena, non eskatzen zen laguntza funts bat sortzea bainuontziak dutxakaz aldatzeko, 65 urtetik gorako pertsonen mesedetan eta haien errentaren arabera. Proposamena PPren, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoakaz eta gobernu-taldearen (EAJ eta PSE-EE) abstentzioagaz onartu zen. Bigarrena, EH Bilduk aurkeztutakoa, behar soziosanitarioak dituzten pertsonentzako etxebizitzak birgaitzeko eta egokitzeko diru-laguntza lerro bat sortzea eskatzen zuen, 2026ko aurrekonturako laguntza lerro hori finantzatzeko aurrekontu partida bat gaitzeko eta akordioa udal-departamentu eskudunei helarazteko, aztertzeko, oinarriak egiteko eta ondoren ezartzeko. Mozioa EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoakaz eta EAJ, PSE-EE eta PPren abstentzioagaz onartu zuten. Gobernu-taldeak, mozioaren ideiagaz bat egiten duen arren, argudiatu zuen kalteberatasun- eta mendekotasun-beharrak sistemak betetzen dituela, bai beste erakunde batzuek eskaintzen dituzten laguntzengatik, bai Udalak ematen dituenengatik (GLLak eta Laguntza Ez Aldizkakoak). Eta uste du udal lerro berri bat sortu aurretik dauden laguntzen estaldura eta irismena sakon ebaluatu beharko liratekeela, eta udalaz gaindiko laguntzak babesteko sare gisa jarduten duten urgentziazko osagarriak edo mekanismoak aztertu beharko liratekeela.

Joan den astean jorratu eta onartutako hirugarren mozioak, proposamena aurkeztu zuen PPren aldeko botoakaz eta gainerako taldeen abstentzioagaz, Udalak bidegorrien mantenua hobetzeko neurriak sartzea eskatzen zuen.

Laugarrenean, EH Bilduk eskatu zuen Udalak neurriak har zitzala Portu Zaharreko autoen trafikoa arautzeko eta ekainetik irailera La Ola jatetxetik mugatzeko eta egoiliarrentzako TAO bat jartzeko. Mozioa EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoakaz, EAJ eta PSE-EEren abstentzioagaz eta PPren kontrakoagaz onartu zen.

Bosgarren mozioa, Elkarrekin Podemosek aurkeztutakoa, talde horren, PPren eta EH Bilduren aldeko botoakaz eta EAJ eta PSE-EEren aurkakoagaz onartu zen, eta Getxoko eta Leioako udalen aldetik koordinazio mahai iraunkor bat sortzea proposatzen zuen, Amaia kalean partekatzen dituzten eremuetan mugikortasuna eta hiri trazadura hobetzeko, Putzegilearen biribilgunea inguratzen duen eremuan lehentasuna izanik.

Beste gai batzuk

Bestalde, Udalbatzak oniritzia eman zion kreditu gehigarri bat onartzeko proposamenari, Getxo Rugby Taldea, Punta Galea Txirrindulari Elkartea eta Etorkizuna Mendi Taldeko kirol-klubei diru-laguntza izendun bat emateko, klub horiek 50. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldiak finantzatzeko. Proposamenak talde politiko guztien aldeko botoak jaso zituen, Elkarrekin Podemosena izan ezik, abstenitu egin baitzen diru-laguntza izendunak emateko orduan irizpide ezezagunak erabiltzen direla iritzita. Gobernu-taldeak adierazi zuen ez dagoela inolako diskrezionalitaterik diru-laguntza mota horri dagokionez; izan ere, udal-teknikariek klubakaz lankidetzan egin dute diru-laguntzen balorazioa, kluben beraien beharren arabera.

Bestalde, aurrekontua aldatzeko hainbat ebazpenen berri eman zuten, 3,6 milioi euroko kreditu gehigarriaren bidez. Nabarmentzekoa da 1.940.000 euroko kreditu gehigarria, Getxo Kirolak-eko frontoien egiturak indartzeko obraren eta obraren zuzendaritza birfinantzatzeko; eta 1.190.150 euroko beste kreditu gehigarri bat, Azpiegituren Arloko inbertsioak birfinantzatzeko.

Era berean, Udalaren antolaketa-egituraren barruan arlo edo zerbitzuen ardura duten korporatiboen zenbait izendapenen aldaketaren berri eman zuten. Horrela, Alvaro Gonzalez zinegotzi jeltzaleak Hirigintza Diziplinako Zerbitzua ere bere gain hartuko du, Hirigintza Plangintza, Kudeaketa eta Diziplina Arloari atxikitako zerbitzua, zeinaren titularra baita.

Galde-eskeen txandan herritar batzuek parte hartu zuten, batez ere Azkorrira autobus-zerbitzua itzultzea eskatzeko eta, auzokide baten kasuan, anezka bat eskatzeko. Amaia Aguirre alkateak erantzun zien "laster" espero duela arazoaren konponbideari buruzko erantzun bat ematea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun