Beatriz Egañaren amesgaiztoa aspaldi hasi zen. Lehen, kalean, jaietan, herriz herri edo antzerkira asko joaten zen, baina gero eta txarrago sentitzen hasi zen: "Nekatuta nengoen; hasieran, adinaren kontua izango zela uste nuen, baina gero eta okerrago nengoen, eta minbizia edo horrelako zerbait ere izan zitekeela pentsatu nuen".
Urrian, lagunakaz bazkaltzera joan zen egun batean leher eginda bukatu zuela azaldu du, ibiltzeko hainbat arazo zituen eta neke-neke eginda zegoen, "arnasa hartzea ere kostatzen zitzaidan". Orduan, medikura joan eta barne-hemorragiak zituela eta oso egoera txarrean zegoela esan zioten; hainbat proba ere egin zizkioten, eta hezur-muinean minbiziaren aurreko sintomak aurkitu zizkioten, baina ez zioten ondoezaren jatorria zehaztu.
Azaroan, bere egoerak okerrera egiten jarraitu zuen, "gorputz guztian neukan min, ezin nintzen ibili, ezta ohetik jaiki ere, eta eman zidaten botikak ere kalte egin zidan". Egin daitezkeen proba mediko guztiak egin zizkioten arren, deitoratu du bere gaitzaren jatorria aurkitu gabe jarraitzen zutela. "Hainbeste proba egin zizkidaten Osakidetza diru barik utziko nuela zirudiela", egin du txantxa Egañak.
Martxoaren amaieran, Egañak txarto jarraitzen zuen, baina bere gaitzaren jatorria non zegoen ez zekitenez, hematologoak gaixotasun arraroen ikerketa egitera bidali zuen. "Apirilaren 1ean deitu ninduten berehala ospitaleratu behar nindutela esateko, odolean beruna nuela esanez: 700etik gora, hain zuzen. Hala ere, urtarrilean beruna zuen pitxerretik edateari utzi nionez, seguruenik maila 1.500era heldu zela esan zidaten", azaldu du emakumeak. Behin arazoa aurkituta, botika jarri eta hobetzen hasi zenean, etxera bidali zuten.
Positibo faltsuak
Behin bere intoxikazioaren zergatia ezagutu zutenean, jatorriaren bila hasi ziren. Hala, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko erakundeak bere etxean abiatu zuen ikerketa, eta jatorria duela hamar urte baino gehiago Almerian erositako eta ura edateko erabiltzen zuen pitxer batean zegoela antzeman zuten.
Hori jakiteagaz batera, Alberto Martinez Osasun sailburuak adierazi zuenez, gertakarien berri eman zioten Andaluziako Juntari ere bai. Martinezek azpimarratu zuenez, ez zuten bestelako esku-hartzerik egin, "duela 10 urte baino gehiago erositako pitxer bat delako, eta ez dagoelako merkaturatuta, eskuz egindakoa baita".
Egañaren gaitza aurkitu bazuten ere, bere atsekabeak ez ziren hor bukatu. "Nire inguruko askok ere positibo eman zuten, baina kontua da beraiek ez zutela pitxerretik edaten, beraz, bestelako jatorri baten bila hasi ziren". Une hartan, bere senarra eta bera etxetik aterarazi ere egin zituzten, eta beruna izan zezaketen objektuen bila "buzo eta guzti" joan zitzaizkion. Hori maiatzaren 1eko zubian izan zen, "hala ere, hurrengo astelehenean, berriro deitu ninduten esateko familiako beste kideei probak apirilaren 28an egin zizkietela, itzalaldia izan zen egunean, eta horren eraginez askoren positiboak faltsuak izan zirela; beraz, azterketa berriz ere egin zieten guztiei eta mailak normalak ziren, 0 izan beharko lukete, baina mugaren barruan zeuden".