Asteotan Portu Zaharreko landan dagoen Gure Zirkuaren karpa koloretsuan 350 bat euskaltzale batu ziren atzo, txapak jarri eta jai-giroan Euskaraldiari hasiera emateko. "Elkar mugituz egingo dugu" lelopean, 11 egunez, hainbat ekintza eta ariketa proposatuko ditu laugarren Euskaraldiak, herritarren hizkuntza-ohiturak aldatzeko eta urte osoan zehar euskara gehiago entzun dadin.
Atzoko ekitaldian, hainbat herritarrek Etxetxutik hasi eta Portu Zaharreko berdegunean dagoen Gure Zirkuaren karpara bidea egin zuten, Musikalia Elkarteko fanfarrearen doinuek lagunduta. Bertan, Egizu eta Bizarra Lepoan Getxoko euskara elkarteko kideak eta Amaia Aguirre Getxoko alkatea, Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol foru-diputatua eta Jasone Mendizabal eta Jon Kobeaga Taupa Euskaltzaleen Mugimenduko koordinatzaileak izan ziren, baita Mikel Barcena eta Garazi Elgezabal, Bizarra Lepoan eta Egizu elkarteetako ordezkariak ere, hurrenez hurren.
Joseba Usabiagak eta Iker Galartzak gidatu zuten ekitaldian Gure Zirkuko artisten akrobazia ikusgarriak Euskaraldiren aurkezpenagaz tartekatu zituzten. Hala, Unai Menburuk eta June Diazek bertsoakaz hasi zen ekitaldia, ahobizi, belarriprest eta irribizi rolak azaldu zituzten, Euskaraldiaren Getxoko hamaikakoak ekimenaren manifestua irakurri eta, azkenik, txapa-jartze kolektiboa egin zuten.
Atzoko irekiera ekitaldi nagusian, ETB1 telebista-kateko Biba Zuek saioak zuzeneko emanaldi berezia ere egin zuen Portu Zaharreko zelaian jarritako plato mugikor batetik, Euskaraldiaren hasiera Getxotik zuzenean eskaintzeko.