Hasteko, txapa janztea ezinbestekoa da besteek zuk ere Euskaraldiagaz bat egiten duzula jakiteko eta euskara dakizula edo ikasi gura duzula adierazteko.
- Batetik, ahobizi rola hartzen dutenek euskara ulertzen duten guztiekin hizkuntza horretan egingo diete berba, eta, zalantzan daudenean, lehen hitza euskaraz egingo dute; besteek ere euskara ulertzen badute, horretan jarraituko dute solasaldia.
- Bestetik, belarriprest txapa jarriko dutenek aldiro erabakitzen dute euskaraz noiz eta norekin egin, agian ez dute beti euskaraz egiten ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek beraiei euskaraz hitz egitea nahi dute, eta belarritxoaren txapak hori bera adierazten du modu esplizituan: "Niri egidazu euskaraz".
- Azkenik, Getxon irrizbi txapa ere dago. Hori janzten dutenek euskararik ulertu ez arren poztu egiten dira euskara entzuten duten bakoitzean eta euskararen aldeko ekimenakaz bat egiten dute. Euskaraz ezagutzen dituzten hitz guztiak erabiliko dituzte eta berriren bat ikasten ere saiatuko dira.
Horrez gain, Euskaraldiak beste hainbat ariketa ere proposatzen ditu, hala nola ezagutzen ez dituzun pertsonei lehen hitza euskaraz egitea, eta ulertzen badute, horretan jarraitzea; ulertzen dutenei beti euskaraz egitea; eta euskaraz mintzatzeko zailtasunak izanez gero, ingurukoei euskaraz berba egiteko eskatzea.
Euskaraldia hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa kolektibo bat baino gehiago da, euskaragaz eta euskaraz gozatzeko hainbat aukera eskaintzen dituen 11 eguneko ekimena da.