Elkarrizketak

J. Nafarrate eta I. Bermejo: "Guk kontatzen ditugun istorioak ez dira kontatu; erdizka kontatutakoak dira"

Iker Rincon Moreno 2025ko eka. 2a, 09:40

Julen Nafarrate eta Ines Bermejo, liburu ilustratua eskuetan dutela.

"Gu ere bagara" proiektua ilustrazioz beteriko liburu bihurtu da: LGTBIQ+ nagusien testigantzak, isilpeko memoriak eta kolektibotasunez jositako sormen lana, ahanzturari aurre egin eta arrakala berriak zabaltzeko. Barikuan, hilak 6, aurkeztuko dute lana, Algortako Abian kultur elkartean, 19:30ean. Bitartean, egitasmoaren nondik norako guztiak partekatu dituzte geugaz.

"Gu ere bagara" proiektua kalera atera zenuten 2022an. Orain, liburua argitaratu duzue. Zer aldatu da ordutik hona?

Ez genuen espero horren ibilbide luzea izango zuenik. Proiektu hau hasi genuen erakusketa bat egiteko, besterik ez, Getxoko LGTBIQ+ kolektiboko nagusien istorio batzuk jaso nahi genituelako. Baina, gero, herri desberdinetatik deitu gintuzten gure esperientzia kontatzeko, han ere antzeko prozesuak abiatu ala ez aztertzeko. Azken hilabeteetan, Euskal Herriko hainbat txokotan egon gara. Gainera, erakusketak antolatu ditugu, eta Dantzerti Euskal Herriko arte eszenikoen eskolak ere antzezlana egin zuen gure testigantzetan oinarrituta.

Zerk bultzatu zaituzte liburura salto egitera? 

Erakusketak eta hitzaldiak antolatu ditugu batez ere, baina konturatu ginen egiten ari ginen guztia efimeroa zela, hau da, ez zela inon jasota geratuko. Erakusketetan ere hainbat errealitate islatu ditugu, esaldi ezberdinen bidez, baina gai batzuk sakonago landu nahi genituen, eta liburuak horretarako aukera eman digu.

Zer topatuko du irakurleak liburuan? 

Gure liburu ilustratua ez da ohiko liburua, guk kontatzen ditugun istorioak ezin direlako kontatu. Erdizka kontatutako istorioak dira, zirrimarra ugari ditu, zirriborroak, ezkutuan dauden kontakizunak... Azkenean, liburuan parte hartu dutenek anonimotasuna mantendu nahi izan dute, eta ezin izan dugu datu pertsonalik jarri, ez eta euren argazkirik jarri ere. Sormena erabili behar izan dugu hutsune hori betetzeko. Liburu ilustratuan hainbat gai landu ditugu: haurtzaroa, nerabezaroa, estereotipoak, LGTBIQ+fobia, sexilioa, zahartzaroa, heriotza...

Zein izan da liburuan jasotako kontakizunen hautaketa prozesua? 

2022an prozesua hasi genuenean, Getxoko bost auzokide elkarrizketatu genituen euren istorioa kontatzeko. Liburuaren oinarria euren kontakizunak dira, baina urteotan bestelako kontakizunak ere jaso ditugu: aurkezpenen ostean pertsonak hurbildu zaizkigu euren istorioak kontatzeko, adibidez. Hori guztia jaso nahi izan dugu liburuan.

"Zer nolako gizartea sortu dugu, LGTBIQ+ nagusiek ez badute nahikoa konfiantza sentitzen euren istorioak kontatzeko?"

Elkarrizketatutako pertsonen ahotsak gordinak eta benetakoak dira. Nola landu duzue hori? 

Oinarrizkoena proiektuan parte hartu duten pertsonak zaintzea izan da. Edozein urrats eman baino lehen, eurekin partekatu dugu, hori ezinbesteko baldintza izan da proiektuarekin aurrera egin ahal izateko. Bakarrik jaso dugu kontatu nahi izan digutena, ez besterik. Era berean, saiatu gara istorio pertsonal hauek kolektibo bihurtzen, esperientzia partekatuak direlako kasu gehienetan. 

Liburu honek memoria historikoaren transmisioan ekarpen bat egin gura du, ezta?

Bai, proiektu hau hasi genuen konturatu ginelako gure herriko memoria historikoa arlo honetan ez zegoela jasota. Gurea ez da ikerketa bat izan, proiektu artistiko bat baizik, baina aldi berean gure ekarpena egin nahi genuen istorioak biltzeko arlo horretan, galdu baino lehen. Zenbat istorio eta bizipen egongo dira betirako galduko direnak? Guk istorio horien adibide batzuk baino ez ditugu jaso. "Gu ere bagara" izena jarri genion proiektuari, sistema kapitalistak LGTBIQ+ mugimendua baliatzen saiatzen ari delako bere intereserako, eta hor estereotipo bat ere sortu da: gizonak, zuriak, gorputz normatiboekin, gazteak... Eredu horretatik kanpo geratu dira pertsona nagusiak; ematen du ez dagoela 65 urtetik gorako LGTBIQ+ pertsonarik, eta ez da horrela. Arrakala txiki bat sortu nahi izan dugu hor eta esan: gu ere bagara!

Zergatik da garrantzitsua zuen ustez herri txikietako bizipen eta istorioak jasotzea eta transmititzea?

Bestela galduko direlako, edo, okerrago, beste batek kontatuko dituelako gure izenean. Beste arlo batzuetan bai jaso da memoria historikoa, ez ostera sexu-disidentziarekin lotuta. Eta hau ere gure historiaren parte da.

"Sentitu dugu batzuetan altxor bat irekitzen egongo bagina bezala, batzuek lehenengo aldiz kontatu digutelako euren istorioa"

Belaunaldi gazteengana nola iritsi gura duzue?  Nola uste duzue honek lagun dezakeela ikuspegi kritikoago bat eraikitzen?

Elkarrizketak egiterakoan, eta baita erakusketetan ere, pertsona nagusiekin eta gazteekin batera berbetan egoterakoan ondorio berera heldu gara: kontu batzuk ez direla horrenbeste aldatu. Espazio batzuk sortu dira askoz askatzaileagoak direnak, argi dago, baina beste arlo batzuetan ez da horrenbeste aurrera egin, eta hor pertsona gazte asko identifikatuta sentitu dira pertsona nagusien bizipen hauekin, hori esan digute guri behintzat. Sexilioa, estereotipoak, bifobia, "familia aukeratua" sortzeko beharra... Hori guztia belaunaldiz belaunaldi errepikatzen dela ematen du.

Zein izan da proiektu osoan bizipenik hunkigarriena edo markagarriena zuen kasuan?

Zalantzarik gabe, proiektuan parte hartu duten pertsonak elkarrizketatzea. Hasiera batean, batzuek mesfidantzaz hartu gintuzten, ez zekitelako zehazki zer egingo genuen euren istorioekin. Kafe bat hartzea eskatzen genien, besterik ez. Eurak ezagutzeko eta nahi zutena guri kontatzeko. Eta hor momentu oso bereziak sortu dira, hunkitu gara, barre, negar... Kafe batzuk bermut bihurtu dira ere bai, kar-kar! Baina sentitu dugu batzuetan altxor bat irekitzen egongo bagina bezala, batzuek lehenengo aldiz kontatu digutelako euren istorioa. Aldi berean, ardura eta erantzukizun handia sentitu dugu.

Lan honen harira, zer ikasi duzue, pertsona bezala eta sortzaile bezala?

Askotan esaten dugu Gu ere bagara "porrot baten istorioa" dela, azken batean, gure hasierako ideia pertsona nagusiak elkarrizketatzea baitzen, eta euren aurpegi, argazki eta istorioekin erakusketa bat antolatzea, lehenengo pertsonan. Hori ezin izan dugu egin, parte-hartzaileek euren anonimotasuna mantendu nahi izan dutelako. Hortxe dator irakaspenik handiena: errealitatera moldatzen jakitea. Guk pertsona nagusien aurpegiak jarri nahi genituen plazaren erdian, baina hori ez da euren beharra. Hori onartzea, proiektua birmoldatzea eta sormena erabiltzea horretarako irakaspen handia izan da. Baina uste dugu gabezia hori kontatzea ere oso interesgarria izan dela. Zer nolako gizartea sortu dugu, LGTBIQ+ nagusiek ez badute nahikoa konfiantza sentitzen euren istorioak kontatzeko? Ardura eurei kendu eta gizartearengan jarri nahi izan dugu.

Noiz eta nola argitaratuko duzue liburua?

Liburu ilustratua gure kabuz argitaratu dugu, autoprodukzio bat da, Getxoko Udaleko sormen beka jaso dugu horretarako, eta Lander Telletxea diseinatzailearen laguntza ere izan dugu. Ekainaren 6an aurkeztuko dugu, Abian kultur elkartean, 19:30ean. Aldi berean, norbanako askok euren argazki-artxiboak utzi dizkigute liburua osatu ahal izateko, baita Getxoko Udal Liburutegiak ere.

"Gure proiektua pizgarri izan badaiteke beste leku batzuetan euren memoria historikoa lantzeko..."

Etorkizunean jarraipenik izango du "Gu ere bagara" proiektuak? Beste formaturen batean agian?

Liburuaren aurkezpenak egingo ditugu han-hemenka, gutxienez ale guztiak saldu arte, kar-kar! Beste herri batzuetatik deitzen bagaituzte gure esperientzia kontatzeko gu pozik joango gara, gure proiektua pizgarri izan badaiteke beste leku batzuetan euren memoria historikoa lantzeko... Oraintxe bertan, adibidez, bi erakusketa ditugu muntatuta, Berangon eta Eibarren. Errekaleorren mahai-inguru batean parte hartu genuen eta Zuberoako kide batzuek esan ziguten antzeko proiektu bat abiatuko zutela gure proiektuan oinarrituta. Hori oso pozgarria da guretzat.

Zer espero duzue irakurle batek liburua eskuetan hartzean? Zer mezu eramatea gustatuko litzaizueke?

Ilusio eta maitasun handiarekin egin dugun liburua da. Guretzat ere erronka izan da, istorioak erdizka kontatu ditugulako, izenak estalita, argazkiak ere guk bilatu behar izan ditugu... Baina pozik gaude emaitzarekin. Sormenak bete du hutsune hori, eta horrek, agian, bihurtu du liburua bereziago, istorio pertsonalak bakarrik kontatu beharrean, istorio kolektibo bihurtu direlako. Badakigu ez dela proiektu handi bat, baina gure ekarpen txikia egin nahi izan dugu gure herriko sexu-disidentziaren historia ere nonbaiten jasota geratzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun