"Obra horiek ingurumen-inpaktu larriak eragingo dituzte eta eragina izango dute ikasleen errendimendu akademikoan, langileen lan-baldintzetan eta ikastetxeetara joaten garen pertsonengan"

Ander Zarraga 2025ko eka. 18a, 09:30

Artatza parkearen inguruko lau ikastetxek adierazpen bateratua egin dute itsasadarraren tunelaren proiektuaren aurka.

IES Artaza Romo BHI, CEIP Artaza-Pinueta, Betiko Ikastola eta CEIP Romo Eskolako zuzendaritza-taldeko eta ikasleen gurasoen elkarteetako ordezkariek adierazpen bateratua egin dute itsasadarraren azpiko tunelaren aurka. Salatu dute leherketek eta kamioien joan-etorriek "ingurumen-inpaktu larriak" eragingo dituztela ikastetxe horietako ikasle eta langileengan.

Getxo eta Leioako udalerrietan dauden ikastetxe horietako hezkuntza-komunitateak adierazi du Bizkaiko Foru Aldundiak sustatu gura duen proiektuaren aurka daudela, gutxienez zazpi urte iraungo duten azpiegitura hori eraikitzeko lanek 1.750 ikasle, 230 irakasle eta 125 langile baino gehiagori eragingo baitiete.

"Aurreikusitako dozenaka leherketek, milioika metro kubiko lur eta arroka induskatzeak, makineria astunaren etengabeko trafikoak, lurrean egindako ehunka zulaketek eta abarrek kalitate akustikoaren helburuak etengabe gainditzea, partikulak eta gasak isurtzea, eta pertsonen eta ingurumenaren gainean arrisku-egoerak eta beharbada istripuak gertatzea eragingo dute", ohartarazi dute atzo Artaza Romo institutuan kaleratu zuten ohar bateratuan.

Horregatik guztiagatik, proiektua gauzatzeari uko egiteko eta aurreikusitako baliabide ekonomikoak ikastetxeak hobetzera, prestakuntza-eskaintza sendotzera eta belaunaldi berrien etorkizunean inbertitzera bideratzeko eskatu diete Aldundiari eta haren gobernua osatzen duten alderdiei. Komunikatuaren hitzetan, "uste osoa dugu gure gizartearen etorkizuna ez dela pertsonen osasunari eragiten dioten azpiegitura handiak eraikitzea, baizik eta gure etorkizuneko belaunaldien hezkuntza hobetzea".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun