Aste-akabuan, ekainaren 14an eta 15ean, jai-giroa eta aldarrikapena izan dira nagusi Artatza parkean. Hala, Subflubiala EZ! plataformak antolatutako akanpadan Aldundiak bultzatu gura duen itsasadarraren azpiko tunelaren proiektuaren aurkako hainbat ekintza uztartu dituzte bertaratutakoek: eguzki-tresna tailerrak, zuzeneko musika, poesia ekologikoa, jolasak, bazkari herrikoiak eta Frantziako A69 autobidearen aurkako borrokaren inguruko hitzaldi bat izan ziren egitarauaren parte.
Domekan, Zaratamba batukadagaz kalejira ere egin zuten Lamiakon barrena, "Subflubiala gelditu!" lelopean. Horregaz batera, plataformak salatu zuen proiektuak arrisku larriak dakartzala, besteak beste, Artaza-Romo BHI inguruan aurreikusitako leherketek sortuko dituzten zaratak eta bibrazioak, PM 2.5 partikulen kutsadura, eta Ballontiko biaduktuaren proiektua berriz ere egitasmoan sartzea. Gainera, kritikatu dute proiektuaren inguruko informazio eza; izan ere, Ingurumen Eragin Adierazpenean egindako aldaketak ez dizkiete jakinarazi kaltedunei.
Ekimenaren amaieran, hurrengo mobilizazio nagusia iragarri zuten: urriaren 18an manifestazio handi bat egingo dute azpiegitura horren aurka. "Ez delako aurrerapena, atzerapausoa baizik, eta mehatxua gure osasun eta ingurumenarentzat", azpimarratu zuten deialdian.