Algortako jaietako Kuadrillen Lehiaketaren garaikurra altxatu zenuten. Espero zenuten?
Ez genuen espero. Lehenengo proban, jaitsieran, 35. postuan geratu ginen. Hurrengo egunetako probetan emaitza onak lortzen hasi ginen nahi gabe, eta playback egunera heldu ginenean, zerbait dotorea egitea erabaki genuen. Horri esker irabaztea lortu genuen, eta gau ederra pasa genuen.
Aurre egin behar izan zenituzten proba guztietatik, zein duzue gustukoena, eta zergatik?
Pasadan urtean askorik prestatu ez genuen arren, jaitsiera da gure proba gustukoena. Jaiei hasiera ematen dion proba izanik, kuadrilla osoak parte hartzen du eta barre pilo bat egiten dugu. Kuadrillen bazkarian ere ajeak eragindako giro ederra egoten da.
Eta gutxien?
Jaitsiera tradizionala. Uste dugu ez duela azalpenik behar.
Zuen ustez, zein da irabazteko gakoa?
Etxera goizeko 8:00etan heldu eta bertatik 10:00etan ateratzea. Nagia kenduta probetan parte hartu eta herri giroan disfrutatzea.
Aurten ere marka gainditzeko asmorik duzue?
Inondik inora ere. Aurten lasai-lasai joango gara, baina pasadan urteko martxa ikusita, batek daki. Gure helburu nagusia txosnako barran leku on bat hartzea izango da, eta gure aurrezkiekin Algortako Barne Produktu Gordina altxatzea.
Jaiei hasiera emango dien pregoia irakurriko duzue. Badakizue zer kontatuko duzuen?
Jaietako probak bezala, oraindik ez dugu esango duguna prestatu. Hala ere, pregoia emateak duen erantzukizunaz jakitun gara, eta baditugu aipatu nahi ditugun ildo batzuk pentsatuta; HAPOa, Palestina, euskara, etxebizitza, erasorik gabeko jaiak eta turismo eredu masiboa, besteak beste.
1etik 10era, zelan baloratzen dituzue San Inazio jaiak?
9,5. Beti dago zer hobetu, baina Algortakoak dira kuadrilla moduan gehien gozatzen ditugun jaiak. Pinaka taldearen kontzertu batek 0,5 hori gehituko luke.
Eta jai-batzordea?
Bikain ere bai. Asko eskertzen dugu urtero egiten duten lana eta kuadrillekiko daukaten hurbiltasuna. Herriko beste jai batzuetan ez bezala, nabari da Algortako jai-batzordeak jai herrikoi eta euskaldun batzuen aldeko apustua egiten duela. Beti daude kuadrillon ekarpenetara zabalik. Gazte Txosnak agertokia jarri dezake adibidez, jaietako ekintza kulturalei aniztasuna emanik.
Zer hobetuko zenukete?
Gainontzeko herri guztietan bezala, udalak txosnen ordutegia handitzea eta goitibehera proba itzultzea.
Bestalde, kuadrilla kontzeptua elkar babestearen sinbolo gisa ulertzen dugunez gero, uste dugu komenigarria litzatekeela “kuadrilla nahasi” handi bat sortzea. Izan ere, bada kuadrilla tradizionalik ez duelako edo hau txikiegia delako festetan parte hartzeko aukerarik gabe gelditzen den jendea. Horren aurrean, konponbide aproposena bere baitan edonor bilduko duen kuadrilla anitz bat sortzea dela uste dugu, nahi duen edonor bertan sar dadin.
Zergatik uste duzue beharrezkoa dela Kuadrillen Lehiaketan parte hartzea?
Herriari bizia eman eta algortarron artean erlazioak errotzeko. Gure ustez, jaietan parte hartzea da jaiak disfrutatzeko modurik onena.
Laburrean...
Gaua ala eguna?
Parrandarako badira, biak.
Kalimotxoa, garagardoa ala ura?
Marianitozaleak gara.
Saniko ala Telletxe?
Egunez Saniko, gauez Telletxe.
Zerbait botatzen duzue faltan?
Pinakaren kontzertu bat jaietan.
Txosnak ala tabernak?
Txosnak.
Zenbatek osatzen duzue kuadrilla?
30 inguruk.
Betiko lagunak ala propio sortua jaietarako?
Aspaldi jaietarako propio sortu genuen kuadrilla, betikoa bihurtu da orain.