Euren esanetan, jai-giroa, egungo oldarraldi erreakzionario eta ideologia matxistaren normalizazioaren babespean, indarkeria matxista areagotzeko eta normalizatzeko testuinguru aproposa izan ohi da, "zeinetan askotan emakumeok guztiz babesgabe sentitzen garen". Halaber, jarrera homofobo eta transfoboak ere normalizatu direla kritikatu dute, erasoak ere areagotuz.
"Erasoetako asko ezkutuan geratzen dira, banalizatzen direlako, ez zaielako garrantzia nahikoa ematen, eta are, kasu batzuetan, erasotuak gara jai gunetik alde egitera behartuta ikusten garenak. Guzti honek erasotzaileen inpunitatea handitzeko baldintzak jartzen ditu", salatu dute.
Horren aurrean, Itaiatik euren protokolo propioa aurkeztu dute, eraso horiei aurre egiteko. Alabaina, nabarmendu dute protokoloa ezin dela elementu isolatu bat bezala ulertu.
"Hizpide izan behar duguna da hain zuzen nola interbenituko dugun jaietan modu orokor batean erasorik gabeko eremu eroso bat izan dadin guztiontzat. Zentzu horretan, nahiz eta tresna honi bere garrantzia aitortu behar diogun, termino integralagoetan pentsatu behar dugu: zer nolako kontzientziazio lana egingo dugun, zer formakuntza behar dugun, nolako salaketak egingo ditugun, zer jarraipen emango diegun emandako erasoei… Funtsean, gure interesak erdigunean jarriko dituzten bitartekoak sortu behar ditugu, emakume langileok indarkeria matxistari aurre egiteko baliabide propioak sortzera bidean".
Euren aburuz, instituzioetatik eskaintzen diren baliabideak "mugatuak" eta "partzialak" dira, indarkeria matxistagaz modu estrukturalean amaitzeko ezintasuna dutelako eta erasoen kudeaketara mugatzen direlako. Halaber, finantziazio ekonomikoaren menpekoak diren baliabideak direla ikusarazi dute. "Baliabide hauek, ez dituzte emakume langileon interesak erdigunean kokatzen, kontrara momentuko interes politiko eta ekonomikoen araberakoak dira. Gure ustez, indarkeria matxistaren auzia urgentziazko auzia da soluzioa ez da instituzio hauen partetik etorriko. Esan bezala, ezinbestekoa da gure baliabide propioak garatzea, instituzio hauekiko modu independentean antolatuz".