Azkorri Bizirik elkarteak amaiera eman dio bere jardunari bost urteko ibilbidea egin ostean. Elkartearen helburu nagusia Getxoko Azkorriko ingurune naturala eta nekazalgunea espekulazio- eta urbanizazio-proiektuen aurrean babestea izan da. Gogoratu dutenez, inguru horretan eraiki zuten biribilgunea izan zen txinparta, "auzoko eta herriko jendea Azkorri babesteko mugiarazi zuena".
Argitaratu duten oharrean salatu dutenez, auzi horrek agerian utzi zuen Getxoko gune naturalak eta nekazaritza guneak Udalaren aldetik jasaten duten utzikeria eta asmo espekulatzaileekiko menpekotasuna: "Udalak herri hau xahutu nahian jarraitzen du, ondarea, nekazaritza eta natura asmo espekulatzaileen menpe jarrita, aurrerako eta egungo HAPO gidatzen duena. Hori izan da Azkorri Biziriken borroka eremua, nekazaritza eta natura guneak HAPOren erasotik babestea".
Oharrean lortutako mugarriak ere adierazi dituzte, hala nola Getxoko ondarea, nekazaritza eta naturarekiko kontzientzia sortu izana; Azkorriko natura, flora eta fauna, babesteko ekimenak bultzatu izana eta biribilguneari dagozkion Udalaren legez kanpoko erabakiak auzitara eramatea. "Bide zaila, luzea, eta garestia izan den arren irabazi egin dugu", azpimarratu dute.
"Gure ibilbidea amaitutzat emateak ez du esan nahi egitekorik ez dagoenik edo helburu guztiak bete ditugunik”, gaineratu dute, eta etorkizuneko erronkak ere zerrendatu dituzte: bioaniztasuna babestea, nekazaritza biziberritzea, garraio publiko eta jasangarria lehenestea eta HAPOren urbanizazio-plana gelditzea.
Era berean, agurreko mezua esker on eta itxaropenez bete dute: "Eskerrak eman nahi dizkizuegu gurekin batera bide hau egin duten guztiei. Lortu duguna denon artean lortu dugu. Erein dugunetik sortuko dira besteak, kimu berriak".