Elkarrizketak

Nerea Zubizarreta: "Protokoloak erantzuna ez ezik, lekua eta babesa ematen die minari eta amorruari"

Ander Zarraga 2025ko uzt. 22a, 09:41

2022an Mugimendu Feministaren alde egindako manifestazioa.

Algortako Mugimendu Feministak indarkeria matxistarik gabeko jaiak aldarrikatzeko elkarretaratzea egingo du gaur arratsaldean, 20:00etan, Algortako Txiki Otaegi plazan. Deialdiagaz batera, jaien testuinguruan ematen diren jokabide horiek ekiditeko eta horien aurrean jarduteko protokoloen beharra eta eginkizunak ere azpimarratu ditu Nerea Zubizarreta Algortako Mugimendu Feministako kideak. 

Urteak dira, Getxon, Euskal Herrian bezala, eraso matxistei erantzuteko protokoloak martxan jartzen direla, zergatik?

Mugimendu Feministak ez ditu kasualitatez edo kapritxoz protokoloak egin eta aktibatzen, beharrizan gordin batengatik baizik: badakigu sistema honek indarkeria sostengatu eta tresna gisa erabiltzen duela, araua betearazi eta botereari eusteko. Indarkeria matxistak ere berdin jokatzen du: zisheteropatriarkatuan gizonek etengabe erreproduzitzen dute indarkeria matxista, etengabe erasotzen dute, are gehiago, jaien testuinguruan, alkoholaren eta "desfasearen" aitzakian.  Protokoloak testuinguru horretan ematen diren ohiko gertakari, jarduera edo egoerei erantzuteko ordenatzen diren ideiak edo urratsak dira. Hartara, urrats horien bidez lortzen den emaitzak beti izan beharko luke berdina: autodefentsa feministatik, erasoa jasan duen pertsona babestea eta gertaera salatzea da helburua.

Noiz aktibatzen da protokoloa eta zer salatu daiteke eta zer ez?

Eraso matxisten protokoloetan Mugimendu Feministak definitzen du zer den eraso bat, eta, beraz, zer sartzen den protokoloaren barruan eta zer ez; esaterako, auzitegietan ibilbiderik izango ez luketen eraso asko. Protokoloak erantzuna ez ezik, lekua eta babesa ematen die minari, amorruari edo, besterik gabe, informazioa jaso, partekatu, bideratu, salatu... nahi duten norbanakoei, izan erasoa jasan duenari, izan lekuko izan denari.

Nork hartzen du protokoloa aurrera eramatearen ardura?

Getxoren kasuan, erasoa jasan duen pertsona artatzeko Errotik kooperatiba kontratatzea lortu genuen duela bi urte; bitartean, Mugimendu Feministatik salaketa soziala egiten jarraitzen dugu. Lorpen handia da guretzat, orain arte, guk jartzen genituelako gorputza, aurpegia, denbora, izerdia eta, sarritan, baita malkoak ere. Erakundeekin eta poliziarekin etengabe harremanetan egon behar izateak izugarri higatzen du, inongo babesik gabe jardun behar izan dugulako. 2022ko Portu Zaharreko gertakariaz geroztik, protokoloak martxan jartzeko aitortza eta, Errotiken kontratazioarekin, babesa lortu ditugu, eta argi geratu da guk aspalditik genekiena: Mugimendu Feministak jakintza metatua duela, badakigula protokoloak egituratzen, eta bagarela nor hori egiteko. Horrek, instituzioen aitortza eta konpromisoa ekarri behar dizkigu: Errotik bezalako kooperatiba bat kontratatzeaz gain, baita aurretiazko lanketak eta prebentzioa jorratzea ere.

 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida de Algortako Mugimendu Feminista (@algortakomf)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun