Mugimendu Feminista: "Jaiak denonak izan daitezen, gizonek eta erakundeek ere hartu behar duzue ardura"

Ander Zarraga 2025ko uzt. 23a, 10:03

Jaiak emakume eta gorputz disidenteentzako gune seguruak izan behar dutela aldarrikatu zuten atzoko elkarretaratzean. © ALGORTAKO MUGIMENDU FEMINISTA

Jai-guneetan gertatzen diren indarkeria matxistak salatzeko eta eremu seguru eta askeak exijitzeko, Mugimendu Feministak elkarretaratzea egin zuen atzo Algortako Txiki Otaegi Plazan. "Protokolo feministek egoera kudeatzen laguntzen badute ere, jai dugu gizonek eta bestelako botere-posizioetatik, hegemoniatik, dagokizuen ardura hartzen ez baduzue", ohartarazi zuten irakurritako adierazpenean.

Udako jaien testuinguruan emakumeen eta gorputz disidenteen aurkako sexu-erasoen salaketek ere gora egiten dutela salatu zuen Algortako Mugimendu Feministak, atzo Algortan egindako elkarretaratzean. Gaineratu zutenez, mugimenduak urteak daramatza jaiak guztiontzat seguruak izan daitezen lanean, herriko txosnakaz eta jai-batzordeetako kideakaz elkarlanean. Baina nabarmendu zuten sarri "korrontearen aurka igeri egitea bezala" dela, eta gizon eta bestelako botere-posizioetatik ardura falta dagoela oraindik.

"Mugimendu feministaren urteetako lanari esker gizon batzuk hasi dira ohartzen ezin dutela lehen bezala jokatu, baina askotan ez dute ulertzen nola jokatu behar duten. Ardura hartzea da, adibidez, erasorik ez egitea, gizon zishetero zuri gisa espazioa nola okupatzen duzun ohartzea, desberdintzea ligatzea eta astuna izatea, zure komentarioek edo presentzia hutsak non eta norentzat den gogaikarri identifikatzea, zure anaien eraso fisiko zein ahozkoen konplize ez izatea", adierazi zuten.

Era berean, salatu zuten erasoei polizia bidezko erantzuna ematean, askotan, ez dela erasotuen borondateari jarraitzen. "Ez, hori ez da ardura hartzea, aitzitik, hori ere indarkeria da, emakumeak edo zapaldutako gorputz horiek berriro ere zapaltzen dituzulako". 

Hori horrela, "ez gara etxean geratuko" aldarrikatu zuten, eta gizon zein erakundeei eskatu zieten pauso bat atzera egin dezatela eta mugimendu feministaren bidelagun izan daitezen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun