Sokamuturra Ez taldeak elkarretaratzea egingo du Portu Zaharrean, jaietan animaliei tratu txarrik ez ematea exijitzeko

Ander Zarraga 2025ko abu. 7a, 11:56

Portu Zaharreko sokamuturra, artxiboko irudian.

Sokamuturra Ez plataformak manifestazio baketsua deitu du abuztuaren 11rako, 09:30ean, Algortako Portu Zaharrean, herriko jaietan sokamuturra ospatzeagaz batera. "Getxok aurrera egin behar du" lelopean, jai-ikuskizunetan animaliak erabiltzearen amaiera eskatzen duen kolektiboak, bestea beste, animalien babeserako 17 elkarteren eta herritarren 10.000 sinaduren babesa dauka.

Portu Zaharretako jaietan sokamuturra ez ospatzeko eskatzen duen auzo-elkarteak Euskal Herriko 17 animalia-elkarteren eta Animaliak Babesteko Euskal Federazioaren babesa jaso du, eta herritarren 10.000 sinadura bildu ditu, bertako albaitari-kliniken parte-hartzeagaz, udaletako osoko bilkuretan egindako esku-hartzeagaz eta hainbat bilera instituzional egin ostean. Hala eta guztiz ere, deitoratu dute  oraindino ez dutela "erantzun eraginkorrik" jaso. Elkarteak azpimarratu duenez, sokamuturra "ez da tradizioa, sufrimendua baizik".

Gogoratu dutenez, bigantxak, ikuskizunerako erabiltzen dituzten animalia gazteak, distantzia luzeetatik garraiatzen dituzte, beroaren, isolamenduaren eta estresaren eraginpean. Gaineratu dutenez, Sokamuturra frogan taldekideek hainbat orduz egurtzen dituzte eta animaliei tratu txarrak ematen dizkiete.

Nabarmendu dutenez, praktika horrek getxoztarren artean polarizazio soziala sortzen duen arren, Sokamuturra Ezek positibotzat jotzen du udalerrian eta kuadrillen artean eztabaida piztu izana. "Getxok aurrerapauso bat eman behar du errespetuzko jai enpatiko eta iraunkorretarantz", azpimarratu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun