Portu Zaharreko 2024ko jaietako kuadrilla irabazlea

Txakurtxirul kuadrilla: "Jaietako esperientziak eta anekdotak ez dira berdinak parte hartu gabe"

Iker Rincon Moreno 2025ko abu. 8a, 16:09

20 kide inguruk osatzen dute 21-22 urte arteko kuadrilla. © TXAKURTXIRUL

Bihar, zapatuan, Portu Zaharreko kuadrillen jaitsiera zabalduko dute Txakurtxirul taldeko kideek. Ondoren, pregoia irakurri eta ekitaldiz beteriko lau eguneko festari hasiera emango diote.

Iazko Portu Zaharreko kuadrillen txapelketako irabazleek argi dute: ez zuten espero lehenengo postua lortzea, baina barru-barruan bazekiten egunen batean lor zezaketela. Txakurtxirul kuadrilla 21 eta 22 urte bitarteko "betiko" lagunek osatzen dute. Aitortzen dutenez, gazteak dira eta pandemiaren osteko jaietan bakarrik parte hartu dute: 2022an aurrenekoz, seigarren postua lortuz, antzarretan garaile eta "playback historiko bat" eginda; 2023an, bosgarren sailkatu ziren; eta 2024an, azkenean, txapela etxeratu zuten. Irabazteko gakoa? Elkarlana, motibazioa eta, "egia esanda, publikoak puntuatzen duenez, jendea ezagutzeak ere asko laguntzen du", aitortu dute. Jaietako probei dagokienez, sokamuturra dute kuttunen. "Koordinazioa eta konfiantza ezinbestekoak dira, eta hondartzara jaisteko adorea behar da", diote. Marmitakoa, ordea...: "Zein proba da hori?".

Aurten presio gutxiago sentituko dute: "Behin irabazita, pisu bat kendu dugu gainetik. Konpetentzia handia da, baina guk berdin jarraituko dugu jaiez gozatzen eta probetan dena ematen". Jaiak nola baloratzen dituzten galdetuta, erantzuna argia izan da: "π²". Jai-batzordeari, berriz,  "π". Hobekuntza proposamenik ere badute: "Hainbeste kuadrillek parte-hartzea nekagarria da batzuetan; alternatiba: herriko kuadrillek parte hartzea".

Sokamuturraren inguruko polemikaz ere mintzatu dira: "Gainerakoen iritzia errespetatzen dugu, baina ez dugu partekatzen. Tradizioa da, komunitatea batzen duena, betiere animalien ongizatea bermatuta".

Txapelketa beharrezkotzat jotzen dute: "Ez da berdina barrutik bizi gabe. Giroa ikaragarria da, eta denok batera gozatzen dugu". Aurtengo jaiak? "Itzelak izango dira, erasorik gabeko, errespetuzko eta guztiontzako seguruak". Eta nostalgiari ere tarte bat: "Txikiak ginenean gauzak desberdinak ziren… benetako antzarak, adibidez"

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun