Antolatzaileen arabera, jaialdiak “rocka, itxaropena eta elkartasun oihuak” bildu zituen, eta euria lagun izan arren, ez zen festaren sugarra itzali. “Arrakasta handia izan da”, nabarmendu dute, “20.000 pertsona baino gehiago batu direlako”.
Musikaren arloan, girorik beroena Leon Benavente eta Los Zigarros taldeek sortu zuten; “topera egon zen zelaigunea”, azaldu dute. Hala ere, antolatzaileek azpimarratu dutenez, jaialdiaren unerik hunkigarriena Cotiren emanaldia izan zen. Euri zaparradaren erdian, kantautore argentinarrak erakustaldi ahaztezina eskaini zuen, eta, amaieran, Jaime Lafita DalecandELA elkartearen sortzaileagaz batera interpretatutako Color Esperanza abestiak publiko osoa batu zuen.
Bestelako unerik berezienetako bat Carlos Aresen saioa izan zen. Artistak, irisgarritasunari eskainitako karpa baten babespean eta guztiz akustikoan, gitarra eta ahotsagaz, giro “magiko eta errepikaezina” sortu zuen.
Euriak, ordea, eragina izan zuen ere: segurtasun arrazoiengatik, Ivan Ferreiroren eta Akatzen emanaldiak bertan behera utzi behar izan zituzten. Hala eta guztiz ere, jaialdiak eszenatokitik harago ere bizirik iraun zuen. Nabarmendu dutenez, igerian egindako zeharkaldia “erresistentziaren epika” bihurtu zen: 500 igerilarik baino gehiagok baldintza gogorrei aurre egin zieten, nahiz eta segurtasunagatik 4 kilometroko proba 3ra murriztu behar izan zen.