Atzo, egueneko, ohiko osoko bilkuran aurreratu zuten Udalak Kirol Portuan aurreikusitako hotel berriaren proiektuari alegazioak aurkeztuko dizkio. Udalbatzak atzera bota zuen EH Bilduk abiatutako eta PSE-EEk trakzionatutako mozio bat, gurutzaontzien turismoa mugatzeko eta Kirol Portuko hotel berriaren proiektua bertan behera uzteko. Mozioak PSE-EEren, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen babesa izan zuen, baina EAJren eta PPren kontrako botoak. PSE-EE, beraz, EAJ gobernu-kidearengandik aldendu da, aurreko astean alkatetzaren bitartez hotelari babesa eman ziona.
EH Bilduk eta PSE-EEk ez dute aintzat hartzen beren ekintza-lehentasunen artean gurutzaontzien turismoa, eta, horregaz bat etorrita, azpimarratu zuten ez dituztela eskaintza hori handitzeko azpiegiturak edo politikarik sustatuko. Aldi berean, horiek Portu Agintaritzak Bizkaiko Foru Aldundiari aurkeztutako Antolamendu Plan Bereziaren aldaketa puntualaren proposamenari alegazioak aurkezteko konpromisoa hartu dute, eta horregaz bat etorri zen atzoko bilkuran Elkarrekin Podemos. Hiru alderdiak itsas bidaietako turismoen ereduaren kontra agertu ziren, besteak beste, "ingurumenean duen inpaktuagatik eta herritarren bizi-kalitatea galtzea eragiten duelako, turistek kolapsatutako garraiobide publikoekin...".
EAJren eta PPren ustez, itsas bidaiek "jarduera ekonomikoa sortzen dute, ingurumen-araudi zorrotzak betetzen dituzte eta aukera bat da udalerriarentzat". Nolanahi ere, PP Kirol Portuan aurreikusitako hotelaren proiektuaren aurka agertu zen, hirugarrenen esku uzten baita. EAJk, berriz, adierazi zuen aurreikusitako hotelak udalerrian ostatu-eskaintza handitzeko Legealdi Planean planteatutako beharrari erantzuten diola.
Jeltzaleek adierazi zutenez, "ez da gurutzaontzien zerbitzura dagoen mega egitura bat”, baizik eta geratu daitezkeen bisitariak hartzeko, Getxo ezagutzeko eta aberastasuna sortzeko gaitasuna dibertsifikatuko dituen establezimendua. Hala ere, aurreratu zuten Udalak alegazioak aurkezteko asmoa dutela paisaia-integrazioa egokia dela, diseinua errespetuzkoa dela eta ingurunea ahalik eta ondoen zaintzen dela bermatzeko. "Onartzen ez duguna alarmismoa da: ez gaude proiektu itxi eta mugiezin baten aurrean, baizik eta hobekuntzak eta ñabardurak izan ditzakeen hirigintza-antolamendu baten aurrean", gaineratu zuen EAJk atzoko osoko bilkuran.
Ertzaintzaren, udaltzainen eta ordezkari publikoen aurkako erasoak kondenatzen dituen mozioa
Bestalde, udal-gobernuak (EAJ eta PSE-EE) aurkeztutako mozioa onartu zuen Udalbatzak. Mozio horrek, kultura demokratikoaren eta errespetuan oinarritutako bizikidetzaren printzipioei jarraikiz, Ertzaintzaren, udaltzainen eta ordezkari publikoen aurkako eraso, seinalamendu eta ekintza bortitzak kondenatzen ditu. Proposamena egin zutenen eta PPren babesa jaso zuen mozioak, eta, bestalde, kontra agertu ziren EH Bildu eta Elkarrekin Podemos.
Mozioaren testuak “Ertzaintzak eta udaltzainek herritarrak babesteko egiten duten ezinbesteko lana” aitortzen zuen, eta betetzen duten lan horren gaineko babes osoa adierazi. Era berean, dei egiten zuen “Ertzaintzaren, udaltzainen eta ordezkari publikoen aurkako jarrera bortitzak eta mehatxuak amai daitezen”, eta baieztatu “Ertzaintza euskal autogobernuaren adierazgarri eta polizia hurbil eta demokratikoaren eredu dela”.
EH Bilduk transakzio-mozioa aurkeztu zuen, “edozein kritika edo adierazpen herrikoi eraso moduan interpretatzeko instrumentalizazio politikoa” kondenatzeko. Transakzio-mozioa baztertu egin zen. Azken talde honek eta Elkarrekin Podemosek adierazi zutenez, “hausnartu beharko litzateke zein polizia-eredu nahi dugun”. Gaineratu zutenez, “mozio honek gizartearen zati bati eraso egitea eta Ertzaintzak gaur egun duen arazoari (baliabide falta eta abar) irmoki ez heltzea du xede”.
PPk, bestalde, udal-gobernuaren proposamena EH Bilduren aurka doala baieztatu ondoren, EAJ eta PSErekiko adostasuna azaldu zuen adierazitako guztian. Hala ere, Guardia Zibilaren eta Espainiako Polizia Nazionalaren aipamena falta zela iradoki zuen, horiek ere herritarren segurtasuna zaintzen duten aldetik.
Udal-gobernuak gogoratu zuenez, “bizikidetza demokratikoa defendatzeari buruz ari gara. Ez da zalantzan jartzen kritika edo protesta bakezalea egiteko aukera, hori zilegi eta beharrezkoa baita demokrazian. Kritikatzea gauza bat da, baina oso bestelakoa da eraso edo mehatxu egitea... Bizikidetza gizartearen oinarria da, eta poliziak arduratzen dira hura zaintzeaz eta askatasunak beldurrik gabe baliatzeko aukera ahalbidetzeaz”.
Beste mozio batzuk
PPk mozio bat aurkeztu zuen Udalak arlo desberdinetan zerbitzu-kartak onartu eta argitaratu ditzan. Mozioa ontzat eman zen. Udal-gobernuak adierazi zuenez, bat dator mozioaren mamiagaz.
Era berean, PPren beste mozio bat onartu zuten, datorren urteko urriaren 1ean Adinekoen Eguna, elkarteen laguntzagaz batera, haiek diseinatutako edo asmatutako programa zabala ospatzeko. Gobernu-taldeak gogoratu zuen kolektibo horri arlo desberdinetatik ematen zaion babesa nabarmena dela eta, gainera, orain Zahartze Aktiboko teknikari bat kontratatu denez, Getxo Lagunkoia programa finkatu eta indartu ahalko dela, "Getxo adineko nagusiekin lagunkoia den hiria bihur dadin".
Azkenik, aurrera atera zen Elkarrekin Podemosek etxebizitza hutsei OHZren errekargua aplikatzeko planteatutako mozioa, baina gobernu-taldeak ziurtatu duen hori aplikatu ahal izateko ezinbestekoa litzatekeela OHZren Ordenantza Fiskala aldatzea, horrek dakarren prozedura administratibo guztiagaz.