Egindako alegazioek baldintza nagusi bi ezartzen dituzte: batetik, edozein hotel-eraikin berriren gehieneko altuerak ezin izango duela Arriluzeko Naufragoen Etxearena gainditu, eta bestetik, bolumena gutxienez bi bloketan banatu beharko dela. Neurri honen bitartez Ereagako portuan edo hondartzan pantaila-efektua eragin dezaketen fatxada handi jarraituak ekiditeko asmoa du Udalak.
Hirigintzako zinegotzia den Alvaro Gonzalezek esan du aurkeztutako alegazioak hirigintza-integrazioko irizpide-teknikoei erantzuten dietela, eta "etorkizuneko edozein proiektu Getxoko fisionomiarekin bateragarria dela bermatzeko modu bat" direla.
Neurri hauekaz Udalak ziurtatu gura du Kirol Portua gune irekia, integratua eta herritarren zerbitzura jarraitzea, eremua zaintzearen garrantzia azpimarratuz. "Kontua ez da soilik altuerak edo bolumenak erregulatzea, getxoztarren ondare komuna den espazio bat zaintzea baizik. Gure lehentasuna da kirol portua topaleku, gozamen eta jarduera ekonomikorako gune izaten jarraitzea, gure udalerriaren ingurunearekin eta bizitzarekin orekan", adierazi du Amaia Aguirre Getxoko alkateak.
Bestalde, Udalak gogorarazi gura izan du egungo hauteskunde-programan jada aipatzen dela hotelaren garapena bultzatzeko konpromisoa, baita hirigintza-dokumentuak Kirol Portuaren eremuan hotel bat eraikitzeko aukera ematen dutela, "portuaren eta hiriaren arteko interakzioaren" eremuaren barruan.
"Getxok jarduera ekonomikoa eta aukera berriak behar ditu, baina ez edozein preziotan. Gure konpromisoa da ematen dugun urrats bakoitzak gure bizilagunen bizi-kalitatea indartzea", gehitu du Amaia Aguirrek