Elkarrizketak

Indabada ekimeneko lantaldea: "Orain arte urtero egin bada, herrigintzak bizirik mantendu duelako da"

Iker Rincon Moreno 2025ko urr. 10a, 10:03

Edizio ezberdinetako argazkien collage-a.

Auzolanean, Algortako espazio publikoak eurenganatzeko eta herria astintzeko helburua du Indabadak. Urtero urtero, –eta aurten 26 edizio beteko ditu–, San Nikolas plaza eta inguruak okupatzen ditu aldarrikapenez betetako ospakizun honek. Aurten, besteak beste, urriaren 25ean, ozen salatuko dute Palestinako herriak bizi duen egoera jasanezina: "Ez da gerra bat, genozidioa da". Ohiko indaba-janaz gainera, bigarrenez, txapelketa egingo dute Biotz Alai plazan. Honetarako, aldez aurretik izena eman beharko da, hilaren 19a baino lehen. Ekimenaz gehiago sakontzeko, antolaketa-lanez arduratzen den lantaldeagaz batu gara.

Aurtengoa Indabadaren 26. edizioa izango da. Zer balorazio egiten diozue egindako bideari?

Aurreko urtean mende laurden bete genuen eta, horrekin batera, indabadak inflexio puntu bat izan zuen. Bide guztiek bezala, gureak ere gorabehera asko bizi izan ditu. Gaur egun, errelebo berria sartu da, eta, gutxi bagara ere, indarrez ekiten diogu antolakuntzari. Nolanahi ere, onartu beharra dago urteetan zehar Indabadaren parte izan diren asanblada kideen laguntza izaten jarraitzen dugula. Eta eskerrak! Egindako bidea aldarrikapen desberdinez beteta dago, herritik eta herriarentzat kaleak okupatuz gizartea astintzen duten gatazka, kexak, kritikak zein injustizia desberdinak borrokatu ditugu, eta bertaratu den jendearengan eragin izan dugula esango genuke.

Zelan definituko zenukete, berba gutxitan, Indabada?

Talde lana, herrigintza eta espazio publikoen okupazioa.

Jaia baino, aldarrikapenerako eguna da. Zein izango da aurten aldarria?

Aurten inoiz baino bateratuagoa izan da erabakia. Bat egin nahi izan dugu Palestinako herriarekin. Eta ozen salatzen dugu bizi duten egoera jasanezina. Ez da gerra bat, genozidio bat da. Urriaren 25an, beraz, Indabadatik Palestinara elkartasun osoa adieraziko dugu.

Uste duzue udalerriko gazteek izaera horretaz jakitun direla?

Egia esan, urte hauetan guztietan egin duen ibilbidea mantentzen saiatu den arren, argi dugu egungo gazteen parte-hartzea eta herria astintzeko beharra lausotu egin dela. Badakigu Indabada askotan jai egun bezala hartzen dela, eta sarritan jai giroan egunaren helburua ahaztu egin daitekeela. Horregatik, bereziki Indabadaren filosofia zein den azpimarratzea garrantzitsua dela uste dugu: herrigintza, talde-lana eta aldarrikapena.

"Urte hauetan guztietan egin duen ibilbidea mantentzen saiatu den arren, argi dugu egungo gazteen parte-hartzea eta herria astintzeko beharra lausotu egin dela"

Indabadaren jatorria, izaera eta nondik norakoak aurkezteko dokumentala grabatzen ari zarete uneotan. Zer kontatu gura duzue horrekin?

Urteotan egindako ibilbidea azaltzea da helburua. Jendearen memoria freskatu nahi da eta Indabadaren filosofia herrian zabaldu nahiko genuke. Gainera, urte luzetan zehar zenbait lantaldetan (sukalde lantaldea, azpiegitura, antolaketa, musikariak...) dauden eta egon direnen lana balioan jarri nahi da, eta haien borondate zein inplikazioa txalotu.

Zelan doaz lanak eta noiz argitaratuko duzue?

2026 urtearen hasierarako dokumentala prest egotea espero dugu. Grabaketa lanak amaituta, orain edizio fasean dago, eta ezin itxura hobea dauka!

"Herritik herriarentzat"; ildo hori mantentzen da?

Zalantzarik gabe. Indabada orain arte urtero egin bada, herrigintzak bizirik mantendu duelako da. Urtero asanbladetara gerturatzen den jendearen denbora eta borondatea da gakoa. Herriko banako zein elkarte desberdinen eskuzabaltasunak lagunduta, hala izatea lortzen baitu. Urte luzetan bizirik mantentzeko esperantza ematen digu horrek.

Aurten, urriaren 25a izango da hautatutako eguna. Zelan doaz prestaketa lanak?

Jadanik dena dago mekanizatua, beraz ezin hobeto. Aukera hau aprobetxatu nahiko genuke lan egunetara eta Indabadaren egunean zehar jendea laguntzera animatzeko. Nahiz eta Indabadaren antolakuntzan talde motorra dagoen, ez gara nahikoak eguneko ardurak egoki eta lasaitasunez betetzeko. Sare sozialetan informazioa aurrerago zehaztuko dugu. Adi ibili, Indabada hau herritarron artean egin dezagun!

Zelakoa izango da eguna? Berritasunik aurreikusten duzue?

Jendearen inplikazioa hauspotu nahian, aurten, herri-gosaria antolatuko dugu, goizean jendea laguntzera bertaratu dadin. Eta bide batez, plazaren apainketan, musikarien laguntzan zein azkenengo prestaketetan lagundu dezaten. Gainera, Palestinako egoera salatzeko ekitaldiari garrantzia eman nahiko genioke, egoera ikustarazteko.

Erlazionatuak

Espazio publikoa eurenganatuz

Erredakzioa urr 10, 11:09 Getxo

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun