Emakumezkoen taldearen sorreran egon ez zen arren, Bergaretxek 14 urte zituenean sartu zen Getxo Rugby Taldean. "Nire gelako neska bat jokatzen hasi zen, bere neba ere bazegoelako, eta, neska txikien talde bat egin gura zutela esan zigutenean, animatu egin nintzen", gogoratu du algortarrak. Hurrengo urtean etenaldia egin bazuen ere, laster itzuli zen taldera, eta ordutik 27 urte eman ditu errugbiari lotuta, jokalari eta entrenatzaile gisa zein zuzendaritza-taldean. Euskadiko eta Espainiako selekzioetan ere jokatu du, eta, orain, entrenatzaile-lanak egiten ditu. "Errugbia nire bizimodua da; hasieratik asko gustatu zitzaidan eta, nahiko inplikatua naizenez, zerbaitekin jartzen naizenean dena ematen dut", azaldu du.
Urte horietan guztietan errugbia asko aldatu dela azpimarratu du: "Zentzu askotan eman dira aldaketak, jolas-arauak ez baitira lehen genituen berdinak, ez materiala ezta zelaiak ere. Nesken errugbia ere izugarri hobetu da, ni hasi nintzenean, lau talde besterik ez geunden Euskadin, baina pixkanaka talde gehiago joan dira sortzen eta kategoria berriak eratu dituzte". Gainera, emakumezkoen errugbiaren inguruan zeuden aurreiritziak ere desagertzen joan direla aipatu du: "Lehen, gauza oso arraroa zen neskek errugbian jokatzea, baina, orain, klub gehienek talde femenino bat daukate; gizartea ere aldatu egin da".
Azkenean, Bergaretxek etxean baino ordu gehiago egin ditu Fadurako zelaian. "Niri errugbiak dena eman dit: hemen ordu asko pasatzen genituenez, egungo kuadrilla bertan ezagutu nuen; bidaiatzeko aukera eta bizitzarako hainbat ikasgai ere eman dizkit errugbiak, hala nola sufritzen ikastea eta gauzak lortzeko borrokatu beharra dagoela, bai zelaian, bai zelaitik kanpo ere, neska moduan asko borrokatu behar izan baitugu". Errugbian familia ere aurkitu du Bergaretxek, bikotekidea ere zelaian ezagutu baitzuen.