2025eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketak baditu finalistak: Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Jone Uria Albizuri, Xabat Galletebeitia Abaroa, Onintza Enbeita Maguregi, Oihana Bartra Arenas, Txaber Altube Sarrionandia eta Gorka Pagonabarraga Agorria. Aste-akabuan, Markina-Xemeinen amaitu zuten finalaurrekoen bigarren itzulia, eta erabakita geratu da abenduaren 20an, Bilboko Casilla pabiloian lehiatuko den zortzikotea.
Irailaren 28an Urdulizen hasi eta finalaurrekoen itzuli bi jokatu ondoren, erabakita geratu da aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean arituko diren zortzi bertsolariak. Hala, finalaurrekoetako saioetan zuzenean sailkatu zirenak puntuazioz sailkatutako beste bostakaz batu dira.
Zapatuan, hilaren 22an, Markina-Xemeinen jokatutako saioaren ostean, Txaber Altubek irabazi zuen azken finalaurrekoa, eta horrela osatu da finaleko zerrenda. Jone Uria Albizuri bertsolari nagusien artean dago, sailkapeneko hirugarren puntuazio altuenagaz.
Finala Bilboko Casilla pabiloian jokatuko da aurten, 5.000 ikusle inguru biltzeko gaitasuna duen aretoan. Sarrerak bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragai.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.