Euskadi Literatura Saria ez da zure lehen aitortza; horrelakoak jasotzera ohitua zara, edo hori ezinezkoa da?
Ba nik uste dut horretara ezin zarela ohitu. Egia da sari dezente hartu ditudala, baina horretara ez zara ohitzen, eta hurrengoek ere ilusioa egiten dute beti. Lehenengoa jasotzen duzunean, zortea izan daitekeela pentsatzen duzu; bigarrena, batek daki; baina, zenbat eta gehiago jaso, horrek adierazten du aurrekoak ez direla kasualitatea izan, eta jendeari egiten duzuna gustatzen zaiola.
Beraz, aitortza honek adierazten du bidea modu egokian egiten ari zarela?
Bai, hori da. Nik horrela ulertzen dut behintzat; finean, sari batek ez du esan nahi zu zarenik arlo horretan onena, beharbada, beste epaile batzuk egongo balira saria beste norbaitentzat izango litzatekeelako. Sariak adierazten du pertsona jakin batzuentzat egiten duzun lanak baduela nolabaiteko indarra eta sakontasuna. Hori gauza handia da niretzat, adierazten baitu literaturan oraindik badudala zeresana eta jendeak baduela hori irakurtzeko nahia ere.
Eta zer uste duzu ikusi duela epaimahaiak Francesco Pasqualeren bosgarren arima liburuagaz?
Liburuekin askotan gertatzen da ez dakizula horrek hartzailearengan izango duen bultzada; hau da, zuk badakizu zer kontatu nahi duzun, urteak ematen dituzu horren inguruan gogoeta egiten, baina emaitzak duen jariotasuna eta irakurlea bideratzeko indarra ezin daitezke kontrolatu, eta ez dakizu sekula irakurleek nola hartuko duten hori. Orain, honetan, ordea, egia da amaitzean eta errepasatu nuenean, pentsatu nuela lortu nuela nahi nuen erritmo, dinamismo eta indar hori ematea. Jendeak irakurri zuenean ere esan zidan bete-betean asmatu nuela, eta nire inpresioa ere hori bera izan zen, eta sariketan egon diren epaileek ere hori bera antzeman dute. Liburu honekin nahi nuen guztia lortu nuen, pozik geratu nintzen emaitzarekin.
Euskal literatura "Herri txikia gara eta hizkuntza txikia da euskara, baina hor barruan dauzkagun baliabideekin egiten den literatura niretzat ikaragarria da. Proportzioan, nekez topatuko duzu hain hizkuntza txikituan halako literatura handia daukanik"
Azala Alex Orbe ilustratzaileak egin du, bera ere arrakastaren pieza bat izan da?
Bai, noski. Ni bezala, algortarra da, laguna, eta nire ideia kontatu nionean berehala ulertu zuen; puzzlearen emaitza ikaragarria izan da. Kapitulu bakoitzean zeuden elementuak kontatu nizkion eta berak guztiak marraztu zituen eta gero puzzle-piezetan jarri. Pieza horiek sakabanatuta daude, baina jendeak liburua irakurtzen duenean, pieza horiek lotzen joango da; jolas hori oso polita iruditzen zait.
Aipatu duzu emaitzagaz pozik geratu zarela, baina Francesco Pascuale hurbileko norbait izateak ere eragina zuen horretan, ez da ala?
Familiakoa da, eta kontu horiek beti hartzen dira adeitasun handiagoz. Nik ez nuen bera ezagutu, inondik inora, baina familiakoa da eta gu berarengandik gatoz. Beraz, kariño handiarekin hartu nuen eta oso hurbiletik jarraitu nuen bere ibilbidea.
Baina zergatik zen Francesco Pasquale hain berezia?
Berez ez dakit berezia izan ote zen, bera bezalako migratzaile asko egon delako, handik etorri direnak zein hemendik joandakoak ere. Bera Italia hegoaldetik etorri zen erregearen pertsekuziotik ihes egiten, eta hemen errotu zen. Birritan ezkondu zen eta seme-alaba piloa izan zituen, eta imajinatzen dut euskaraz ere ikasiko zuela halako batean, kar-kar.
Bosgarren arimaren kontuak ere zeresan berezia dauka liburuan, ezta?
Jolas literario bat da. Hor argi ikusi nuen Francescoren historia kontatu behar zela gizaki moduan dauzkagun epeen arabera: haurtzaroa, gaztaroa, helduaroa eta zahartzaroa. Apurka-apurka, bere prozesu guztia zehazten joan nintzenean, lau arima horietaz konturatu nintzen, eta bakoitzean norberaren arima oso desberdina dela ikusi nuen. Jolas hori asko gustatu zitzaidan eta pentsatu nuen Francescok migratzen duten pertsonek daukaten bosgarren arima hori ere bazeukala; ez baita arima berria jaioterrian edo hartzen zaituen herrian, beste arima batean bilakatzen baita.
Irakurzaletasuna "Irakurleak beti izan gara gutxiengo bat; esaten da % 10 garela irakurtzen dugunak. Gutxi izan arren, baditugu kalitatezko euskarazko irakurleak ere"
Euskal literaturan tokia egin duzu, baina zelan ikusten duzu gaur egun euskaraz idazten diren liburuen ekosistema?
Herri txikia gara eta hizkuntza txikia da euskara, baina hor barruan dauzkagun baliabideekin egiten den literatura niretzat ikaragarria da. Proportzioan, nekez topatuko duzu hain hizkuntza txikituan halako literatura handia daukanik. Oso idazle onak ditugu: batetik, garai bateko, Atxaga, Sarrionandia, Arkaitz Cano, Eider Rodriguez eta horrelakoak; baina azkenaldian ere hasi dira gazteagoak ateratzen eta ikaragarrizko gauzak egiten ari dira; Miren Amuriza eta Nerea Ibarzabal, adibidez.
Nik beti kontatzen dut anekdota bat: behin Ipar Euskal Herrira joan nintzen hitzaldi bat ematera, eta Donibane Garazin lanean zegoen Parisko frantseseko eta literaturako irakasle batek esan zidan euskal literaturaren mailarekin harrituta zegoela. Bera Frantziako literaturan aditua zen, baina esan zidan batzuetan euskal literaturan Frantziakoan baino maila altuagoa zegoela. Hor distantzia hartu nuen, eta bera aditua izanik, pentsatu nuen zerbait berezia badagoela. Beraz, alde horretatik, ni oso optimista naiz, urtero-urtero oso lan txukunak argitaratzen direlako.

Aldiz, uste duzu euskal literatura kontsumitzen dela?
Beti falta dira irakurleak. Irakurleak beti izan gara gutxiengo bat; esaten da % 10 garela irakurtzen dugunak. Gutxi izan arren, baditugu kalitatezko euskarazko irakurleak ere. Baina historian zehar beti izan da horrela, ezin diogu mundu guztiari irakurtzea exijitu; aitzitik, lortu behar duguna da gutxiengo hori handitzea, eta kalitatezko liburuak irakurtzea, alde batera utz ditzatela topikoz betetako bestseller horiek. Horrelako liburuak irakurtzea ez dago txarto, baina kalitatezko irakurleak ere behar ditugu.
Zure ikasleen artean irakurzaletasuna nabaritzen duzu?
Ez. Lantzean behin baten bat azaltzen da, baina urtero ditudan ehun bat ikasleren artean irakurleak lau edo bost besterik ez dira izaten. Hor ere merkatuak indar handia dauka, eta saltzen dizkieten gauzetan erortzen dira askotan, baina badaude irakurle handiak diren gutxi batzuk ere, eta pozen bat ere hartzen duzu noizean behin, izan baitut irakurtzea oso gustuko zuen ikasleren bat. Horiei liburuak gomendatu izan dizkiet eta, urteak pasa ostean, noizbehinka kalean aurkitzen ditut eta gogorarazten dizkidate gomendatutako liburu horiek eta halakoak. Hala ere, irakurtzea maite ez duenarentzat, zigor baten modukoa da etxeko lan bezala irakurtzera derrigortzea; nik liburuak opari moduan ikusten ditut, baina hori gaztelerazko literaturan edo musikan ere gertatzen da.
"HIRUKA lantzean behin irakurtzen dut eta oso gauza interesgarriak azaltzen dira bertan. Batzuetan, hurbileko edo oso hurbileko kontuak dira, eta beste batzuetan, gai orokorragoak; niretzat oreka hori izatea oso ederra da, asko gustatzen zait. Gainera, edukiak ere oso txukun daude eta erabiltzen den euskara aberatsa ere bada. Gero hori jendearengana heltzea beste kontu bat da"
Eta HIRUKA bezalako tokiko euskarazko prentsaren egoera nola ikusten duzu zuk?
Nik HIRUKA lantzean behin irakurtzen dut eta oso gauza interesgarriak azaltzen dira bertan. Batzuetan, hurbileko edo oso hurbileko kontuak dira, eta beste batzuetan, gai orokorragoak; niretzat oreka hori izatea oso ederra da, asko gustatzen zait. Gainera, edukiak ere oso txukun daude eta erabiltzen den euskara aberatsa ere bada. Gero hori jendearengana heltzea beste kontu bat da. Liburuekin gertatzen den bezala, gutxiengo batengana helduko da, eta horiek estimatzen badute eta gustura hartzen badute, bada, gaitz erdi eta aurrera!
Amaitzeko, ba al daukazu proiektu berririk esku artean?
Bai, banabil zerbaitetan. Lehengo urtean egin nuen euskal kantagintza eta poesiaren inguruko saiakera bat argitaratuko dut laster Pamiela argitaletxearekin. Odola kantari izenburua dauka eta proiektu hori ere aurkezteko lanean ibiliko naiz laster. Esan bezala, saiaketa bat da, baina fikzioa ere badauka, beraz, ez da guztiz saiakera bat; nigan ohikoak diren gauza arraro horietako bat da, baina uste dut oso irakurterraza eta goxoa dela irakurtzeko, baita barre egitekoa modukoa ere. Horrez gain, Alex Orberekin batera egin dudan umeentzako liburu bat ere argitaratuko dugu hemendik gutxira: Andrakas jaunaren bizarrak. Umeentzako kontu bat da, etengabe bizarra hazten zaion gizon baten eta bizi dituen arazoen ingurukoa.