Elkarrizketak

Isusko Saratxu: “Uste dut pertsona gisa nire balioak indartu dituela karateak”

Iker Rincon Moreno 2026ko urtarrilaren 27a

Getxoko karate eskola beteranoetako baten arduraduna gaur egun Isusko Saratxu. Sei urterekin hasi zen arte martzial honetan trebatzen, eta daborduko ia 40 urte eman ditu tatamiaren gainean. Iaz, gainera, azpimarratzeko hainbat marka gainditu zituen, hala nola Munduko eta Europako txapelketetan txapeldunorde izatea. Bere eskolako ateak zabaldu dizkigu, Japoniako arte martzial honen sekretuak erakusteko.

Noiz eta zergatik hasi zinen karatea praktikatzen?

6 urterekin hasi nintzen karatea ikasten. Gelako lagunek karatea egiten zuten, eta haiek konbentzitu ninduten hasteko. Aitak ere Kuushikan-en egiten zuen karatea; beti egon izan naiz Kuushikan eskolan, eta begira, oraindik hemen nabil.

Zeintzuk izan ziren zure hasierako pausoak, eta zer eragin izan du karateak zure bizitzan?

Era batera edo bestera, nire bizitzako gauzarik garrantzitsuenetako bat izan da. Azkenean, hemen eman dut bizitza osoa, ia 40 urte. Uste dut pertsona gisa nire balioak indartu dituela karateak: beti pertsona hobea izaten saiatzen irakatsi dit, errespetuz eta bakezaletasunez bizitzen.

Shotokan karatea aukeratu zenuen; zerk bereizten du estilo hori beste batzuetatik?

Egia esan, ez nuen Shotokan estiloa hautatu. Normalean karatea hasten dugunok ez dugu estiloa bilatzen; karatea egiten dugu norbaiti leku bati buruz ondo hitz egiten entzun diogulako, edo etxetik gertu dagoelako. Karatea izan ez balitz, agian beste jarduera bat izango zen, edo beste arte martzial bat. Hori esanda, gure estiloak posizio baxuak eta zabalak, mugimendu indartsuak eta lurrean oso finkatuta egotea bilatzen ditu, kolpe bakar batez aurkaria jokoz kanpo uzteko. Garai modernoan, gainera, garapen pertsonala bilatzen dugu praktikaren bidez.

Eta zerk eraman zintuen horretan sakontzera, adibidez, Japonian?

2006an eskolaren arduradun bihurtu nintzenetik argi izan dut Japoniara begiratu behar genuela. Han sortu zen arte martzial hau, eta han ulertzen duten moduan ulertzen saiatu behar dugu; gainera, han bizi dira ondoen erakusten eta praktikatzen duten karatekak. Beti dago zer hobetu: teknika bat, mugimendu bat, barne-sentsazio bat, aplikazio bat… Horregatik uste dut maitemindu naizela karatearekin, beti hobetu daitekeelako. Eta horrek erakusten digu pertsona gisa ere etengabe hobetu gaitezkeela, bide bat jarraituz.

“Beldurrei aurrez aurre begiratzeak beti adierazten du aurrerapauso bat, nahiz eta norberaren bertsiorik onena ez erakutsi”

Lehiatzea garrantzitsua da zuretzat?

Ez da gauzarik garrantzitsuena, baina aitortu behar dut garatzeko eta eboluzionatzeko lan-tresna ona izan daitekeela. Beldurrei aurrez aurre begiratzeak beti adierazten du aurrerapauso bat, nahiz eta norberaren bertsiorik onena ez erakutsi. Ikasleei beti esaten diet irabaztea edo galtzea ez dela garrantzitsuena; ez dela ezer gertatzen. Garrantzitsuena bakoitzak dakien moduan egitea da. Emaitzak efimeroak dira, onak zein txarrak; sentsazioak eta bizipenak, ordea, betirako geratzen dira.

2025eko Munduko Txapelketan parte hartu izana, adibidez, zer erronka izan zen zuretzat?

Ez naiz oso kontziente txapelketaren benetako magnitudeaz; oso bizipen polita eta aberasgarria izan da. Halako txapelketa batean parte hartzea, nolabait, urteetako ibilbide eta dedikazioaren aitortza moduko bat jasotzea izan da. Baloratua sentitu naiz. Txapelketa bera oso intentsitate handikoa eta maila altukoa izan da; urduritasuna eta beldurren kudeaketa izan da zailena. Zorionez, dena ondo atera zen.

Nire txapelketekiko ikuspegia ez da oso ohikoa. Nire ustez, karate-ikasle gisa, praktikaren bidez maila eta gaitasun bat lortzen dugu; hau da, etengabeko garapena dago. Lehiaketa bat prestatzearen ideia ez dut inoiz oso ondo ulertu. Entrenamendu guztietan hobekuntza bilatu behar da. Hurrengo hilabetean txapelketa bat izateak ez luke nire entrenamendua aldatu behar, beti hobekuntza buruan dudalako. Txapelketa eguna iristean, nik maila bat daukat, eta hori da nire maila. Unean-unean zerbait arreta handiagoz landu daiteke, baina entrenamendua ez da txapelketaren inguruan antolatzen.

Kuushikan eskolako arduraduna zara egun. Zer balio edo helburu transmititzen dizkiezu karatearen bidez zure ikasleei?
Lehen esan dudana, funtsean. Gure helburua pertsona gisa garatzea da, hori da oinarrizkoena. Pertsona zuzena izatea, esfortzua, konstantzia, besteekiko errespetua eta indarkeria zapaltzea edo kontrolatzea. Horiek dira transmititzen ditugun balioak.

“Gaur egungo gizarteak berehalakotasuna bilatzen du, eta horrek zaildu egiten du karatearen bidea, diziplina hutsa delako”

Zer egoera bizi du gaur egun karateak gainontzeko kirolakaz konparatuta?

Niretzat karatea ez da kirola, zentzu horretan: kirolak normalean jolastu egiten dira, eta karatea ez da jolasten, ikasi egiten da. Txikienekin jolas moduko klaseak egiten ditugu, baina ez da baloia hartu eta jolasten hastea. Gaur egungo gizarteak berehalakotasuna bilatzen du, eta horrek zaildu egiten du karatearen bidea, diziplina hutsa delako. Hala ere, uste dut hori dela gure indargunea: gizartea hutsune handi batekin ari da garatzen, eta karateak hutsune hori betetzen duela iruditzen zait, balio erantsi hori duelako. Gaur egun, beste jarduera askotan bezala, eskaintza handia dago, aukera asko.

Karateak teknika fisikoaz gain balioak ere eskaintzen ditu: autodiziplina, erresilientzia… Nola bizi dituzu balio horiek zure egunerokoan?

Karateak bermatzen dituen balioak oso garrantzitsuak izan dira, eta dira, nire bizitzan. Ikuspegi enpatikoa garatzen irakatsi dit. Gure eskolan beti jartzen ditugu balio horiek beste edozeren gainetik, lehen esan bezala.

Eta nola ikusten duzu karateak gazteentzat duen garrantzia gaur egungo testuinguruan?

Gaur egungo gizartearen bilakaera ikusita, zaila da, gizarteak berehalakotasuna bilatzen duelako, eta karatea ezagutzeko eta pixka bat menderatzeko urteak behar direlako. Horrek bereizten gaitu beste jarduera batzuetatik. Jarduera bikaina da burua lantzeko ume, gazte zein helduentzat; adin nagusikoentzat ere bai. Burmuineko bi hemisferioak etengabe lantzen ditu, eta ezker eta eskuin aldeak batera erabiltzea guztiz osasungarria da edozein adinetan, baina bereziki ume eta helduentzat.

Orain gutxi ere, Portugalen, Europako Txapelketan parte hartu zenuen…

Bai, azaroaren 29an, Portimãon (Portugal) Europako txapelketan parte hartu genuen Kuushikan eskolako hiru karateka. Bertan, Ander Artetxek bosgarren postua lortu zuen, eta nik txapeldunorde gelditu nintzen. Oso pozik gaude; bizipen izugarria izan da, aldi berean oso zorrotza eta exigentea.

Eta etorkizunera begira, zeintzuk erronka dituzu aurrez aurre?

2027an Japoniako Munduko Txapelketara gonbidatu naute; hori ere aitortza handia da niretzat. Eta 2026ko azarorako Europako Txapelketara sailkatzen saiatzea da beste helburuetako bat.  Karatearen arlo pertsonalaz gain, Kuushikan eskolaren proiektuei dagokienez, gure ikasleekin lanean jarraitzea da asmoa: azterketak, erakustaldiak eta antzeko ekintzak antolatuz.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun