Daborduko, 130 eleberri baino gehiago idatzi dituzu; guzti-guztiak gazteleraz izan dira, baina, orain, euskarazko lan bategaz gatozkizu: Maia. Ganbara misteriotsua. Nolakoa izan da gazteleratik euskarara idazteko jauzia?
Egia esan, jauzi honek barrura begira jarri nau berriro. Gazteleraz idaztea nire eremu segurua zen, urte askotako ohitura. Euskarara etortzea, berriz, erronka handi bat izan da. Baina baita plazer handia ere.
Euskara etxean hitz egiten dugun hizkuntza da, eta horrek beste sakontasun bat ematen dio idazteari. Alde teknikoan gogorragoa izan bada ere, emozionalki askoz aberasgarriagoa izan da.
Zer topatuko dugu lan horretan?
Abentura, misterio pixka bat... denetarik. Maia, azken finean, jakin-min handiko neskatila bat da; mundua ulertu nahi duen haur bat, eta irakurle gazte askok beren burua identifikatuko dute berarekin.
Kontakizuna gertukoa da, gure paisaiak eta gure euskal mitologiaz beteta.
2021ean, euskaraz idazteko beharrezko “erreminta-kutxa” ez zenuela esan zenidan elkarrizketa batean. Daborduko kutxa osatuta duzu? Euskarazko obra handitzea aurreikusten duzu?
Bai, egia esan, azken urteotan kutxa hori osatzen joan naiz, eta oraindik asko ikasi behar dudan arren, gaur egun seguruago sentitzen naiz.
Ikasteko bidea ez da inoiz bukatzen, baina bai: euskaraz (askoz) gehiago idazteko asmoa daukat. Maia hasiera da!
Nerabeentzako lana da hau; zer dela eta murgildu zara gazteen literaturan?
Asko gustatzen zait haurren eta gazteen begietatik mundua ikustea, irudimen handia baitaukate. Beraien jakin-minak, berezkotasunak eta emozioz betetzeko modu gardenak literaturarentzako altxor bat dira.
Gainera, nire ustez, gazte literaturak erronka oso polit bat dauka: irakurzaletasuna piztea. Eta hori gertatzen denean… magia da.
Orain arteko azken lanak thriller izaerakoak izan dira batez ere; gai batetik bestera mugitzea erraza egiten zaizu?
Bai eta ez. Genero bakoitzak bere kodeak dauzka; niretzat, ordea, gakoa beti pertsonaia barrutik kontatzea da. Sentimenduak eta tentsioa ardatza dira nire lanetan, thrillerrean zein gazteentzako lanetan. Hori konstantea bada, saltoa ez da hain zaila izaten.
Los crímenes de Getxo arrakasta handikoa izan da gure inguruan. Jendea hurbildu zaizunean zoriontzeko, zer sentitu duzu?
Hunkidura eta esker ona. Saga hori nire sustraiei egindako omenaldi bat da, eta jendeak “berea” egin izana… hori ez da hitzekin azaltzen. Zoramena izaten ari da, benetan.
Gaur egun Haizea Lopez izenagaz argitaratzen dituzu lanak, baina orain gutxira arte ez zen horrela izaten… Zerk bultzatu zintuen zure burua publikoki aurkezteko?
Nire alaba jaio zenean argi izan nuen, berarentzat eredu izan nahi nintzelako. Oraindik txikia da, baina, etorkizunean, espero dut nire lanaz harro sentitzea; eta gizon baten izenorde baten atzean hori ezinezkoa litzateke.
Orain nire espazioa daukat eta nire ahots propioa hartu dut. Eta nire alaba eta atzetik datozen beste neska gazteak ikusi ahal dute emakume batek ere, bere izena ezkutatu gabe, literatura munduan bere lekua egin dezakeela.
Laborategi eta biomedikuntza ikasketak egin zenituen, nahiz eta praktiketatik haratago ez zenuen lanbide hori bete. Ikasketa zientifiko horiek laguntzen dizute thriller psikologiko baten trama eta pertsonaien konplexutasuna egituratzen?
Bai, asko. Zientziak egitura ematen dizu: metodoa, logika eta galdera egokia egiteko gaitasuna. Thriller psikologikoan, pertsonaien barne mekanismoak ulertzea funtsezkoa da, eta hor ere zientziak perspektiba zorrotza ematen du.
Nondik datorkizu literaturarekiko maitasun hau?
Nire literaturaren sustraiak bi pertsonaren eskutik datoz: nire ama, irakurle zorrotza eta etxean liburuak beti presente egon zitezen arduratu zena; eta Marisol, nire institutuko “Lengua eta literatura” irakaslea. Haiek biek behar nuen txinparta piztu zuten: batak, liburuak maitatzen erakutsi zidan; besteak, nire ahotsari balioa ematen.
19 urte zenituela publikatu zenuen zure lehenengo eleberria, baina argitaratze-prozesua ez zen erraza izan, ez adinagatik ez emakumea izateagatik… ezta? Azaldu zer-zelako zailtasunak dituen emakume gazte batek ezer publikatzeko…
Asko. Adinagatik ez zaituzte serio hartzen, eta emakume izateagatik are gutxiago. Sarritan entzun izan dut “zure adinarekin ezinezkoa da hainbeste idaztea”, edo “heldutasun falta izango du”. Baina idaztea ez da adin kontua: begiratzeko modu bat da.
Ordutik gauzak aldatu al dira?
Gutxika-gutxika aldatzen doaz, baina lan ikaragarria daukagu egiteko.
Nola ikusten duzu etorkizuna? Zeintzuk istorio dituzu jada buruan kaleratzeko prest? Mugarik al du Haizea Lopezek?
Neure buruari ez diot inoiz mugarik jarriko. Buruan istorio asko ditut eta idaztea, niretzat, arnastea bezala da. Ez dut spoilerrik egin nahi, baina… 2026 topera dator!