Sozietateak urtarrilaren 12an jarri zuen martxan Getoko kirol portuko amarralekuak eta lokalak alokatzeko kontratu berriak sinatzeko prozesua, portuaren egoera antolatu eta etorkizunerako kudeaketa-eredu argiago, jasangarriago eta bidezkoago bat ezartzeko helburuagaz. Lehen hilabetean egindako kontratazioak 450 ontzi eta 16 lokalen multzo osoaren zati bati eragingo diote, eta arduradunek gogorarazi dute oraindino kontraturik sinatu ez dutenek derrigorrez egin behar dutela epea amaitu aurretik.
2026 eta 2027 urteetarako onartutako tarifek, gainera, 2025ekoakaz alderatuta murrizketak ekarriko dituztela ere iragarri dute. Hala, prezioen berrikuspenak tarifen sinplifikazioa ekarriko duela azaldu dute, irizpide gardenagoak ezarriz eta kostuak benetako erabilerara egokituz, bai amarralekuen kasuan bai lokalenetan.
Amaia Agirre Getxoko alkate eta Kirol Portuko Administrazio Kontseiluko presidenteak adierazi duenez, prozesuak aurrera jarraitzen du egoera guztiak pixkanaka erregularizatzeko: "Prozesu hau funtsezkoa da konfiantza berreskuratzeko eta hobeto kudeatutako portu baterantz aurrera egiteko, irisgarriagoa eta jasangarritasunaren eta zerbitzu publikoaren balioekin lerrokatuagoa".
Kontratuak Kapitaintzaren bulegoetan egin daitezke, 09:00etatik 17:00etara, edo beharrezko dokumentazioa aldez aurretik info@pdgetxo.eus helbidera bidalita. Bestalde, Kirol Portuak jakinarazi du 2026-2027 aldirako aparkaleku-txartel berria eskuragarri dagoela, aurrekoak indarra galdu baitu. Informazio gehiago lortzeko, 944 912 367 telefonoa ere jarri dute herritarren eskura.
Egindako jarduerak trantsizio-aldian kokatzen dira, Kirol Portuko Sozietateak eta Bilboko Portu Agintaritzak 2025eko urrian sinatutako akordioaren ondoren. Akordio horren arabera, emakida 2027a baino lehen itzuliko da Bilboko Portura, eta prozesuaren helburua da Getxoko Kirol Portua espazio jasangarriago, parte-hartzaileago eta herritarrentzat irekiago bihurtzea, 2030 Agendagaz eta hiri-garapeneko helburuakaz bat eginez.