Adi HAPOk auzitegietara eramango du Getxoko Hirigintza Antolakuntzarako Plan Orokorra

Ander Zarraga 2026ko otsailaren 17a

Besteak beste, Adi HAPO plataformaren helburuetako bat herriko ondarea babestea dela berretsi dute sarritan. © ADI HAPO

Getxoko Udalak joan den azaroan onartu zuen Hiri Antolakuntzarako Plan Orokorraren (HAPO) aurka auzitegietara jotzeko asmoa berretsi du Adi HAPO herri-plataformak. Taldearen esanetan, plan berriak "pelotazo eta astakeria historikoa" ekarriko du, eta herritarren iritzia kontuan hartu gabe onartu da.

Plataformak gogorarazi du planaren lanketa-prozesuan zehar hainbat mobilizazio egin dituztela, baita herri-galdeketa eskatzeko mozio herrikoia aurkeztu eta milaka helegite erregistratu ere. Haien arabera, helegite horiek "kasurik onenean, eta Getxoko Udalaren ohiko tankerara, esku-hartze saio kosmetikoa betetzeko burokratikoki erantzunak" izan dira. Era berean, Adi HAPOk azpimarratu du HAPOa "udal-hauteskundeetako erroldaren arabera % 39,3ko ordezkaritza baino ez duten alderdiek" onartu dutela.

Orain, fase berri bati ekingo diotela iragarri dute plataformako kideek: "Planaren atariko azterketa eginda, uste dugu argudio juridiko potoloak daudela auzi-eske baten bitartez HAPO berri hau bertan behera uzteko". Besteak beste, etxebizitza, hiri-hazkundea, ondare historikoa eta ingurumen arloko irizpideak aipatu dituzte, baita prozedurazko gabeziak ere.

"HAPO honetan, Irurak Bat jauregitxoaren aferan inputatuak diren udaletxekoen esku-hartzearekin, Ondare Historiko barruan dauden eraiste berriak planifikatu dira, ohikoen onurarako, eraikitzaile enpresak edota elite politikoak, besteak beste", leporatu diote Udalari eta, Dilizena, Bakione eta Mariena kasuak ere aipatu dituzte.

momentuz, iragarri dute auzibidea abiatzeko diru-bilketa kanpaina jarriko dutela martxan, eta HAPOak "zuzenean kaltetutako lagun, talde eta elkarteei" dei egin diete prozesu judiziala elkarregaz eramateko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun