Getxoko Udalak otsaileko osoko bilkura egin zuen aurreko astean, eta bertan udalerriko auzo guztietan inbertsioak bultzatzen jarraitzeko 4 milioi euro inguruko kreditu gehigarria onartu du. Udal-gerakinaren kontura finantzatutako espediente hau EAJren eta PSE-EEren aldeko botoakaz onartu zuten, eta oposizioko EH Bildu, PP eta Elkarrekin Podemos taldeak abstenitu egin ziren. Baliabide horiek eremu publikoa hobetzeko, oinarrizko azpiegiturak modernizatzeko eta energia-eraginkortasuna sustatzeko erabiliko dituztela iragarri zuten.
Jarduera nagusien artean Algortako Basoa ludoteka berria egokitzea, Getxo Txukun partaidetza-prozesuko lanak Sarrikobason egitea, hainbat gunetan asfaltatze zein saneamendu-sarea berritzea, eta Ereagako igogailuaren segurtasuna nahiz inguruko ezpondak egonkortzea daude.
Inbertsio horiez gain, 1,3 milioi euro bideratuko dituztela iragarri zuten udaleko langileen 2025eko eta 2026ko ordainsari-igoerak ordaintzeko, eta 95.216 euro merkataritza zein ostalaritza dinamizatzeko. Kudeaketari dagokionez, parke eta lorategi publikoak mantentzeko zerbitzuaren kontratua urtebetez luzatzea adostu da 2,8 milioi euroren truke.
Bestalde, Udalak 4.500 euroko zigorrak ezarri dizkio La Terraza udal-eraikinaren ustiapenaz arduratzen den enpresari, bederatzi hileko kanona ordaindu ez duelako. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek zigor horiek "irrigarritzat" jo zituzten, pilatutako zorra 600.000 eurotik gorakoa dela kontuan hartuta.
Politikoki ere aldaketa eguna izan da, EAJko hiru zinegotzi berrik kargua hartu baitute: Aingeru Torrontegi Ayok (Ogasuna), Elisabete Basañez Perezek (Sustapen Ekonomikoa eta Turistikoa) eta Carlos Sergio Achoteguik (Ingurumena). Hiru kide berri hauek joan den hilean San Nicolás 11ko eraikinaren eraispenaren kasuagatik dimisioa eman zuten Ignacio Uriarte, Irantzu Uriarte eta Iñigo Urkitza ordezkatu dituzte.
Mozioen atalean, Larrañazubi ikastetxe publikoaren itxiera izan da eztaibagaietako bat. Elkarrekin Podemosek bultzatutako eta PSE-EEk zuzendutako mozio bat onartu da itxiera hori gaitzesteko eta Eusko Jaurlaritzari azalpen teknikoak zein matrikulazio datuak eskatzeko. EAJk aurka bozkatu du, martxoaren 11n Hezkuntza Sailagaz eta guraso-elkarteagaz egingo den bilera itxaroteko eskatu baitzuen. Herritarren txandan ere, hainbat lagunek Larrañazubiko egoeraren, lorezaintzaren eta Salsiduko arrapalen inguruko kezkak helarazi dizkiote Udalbatzari.