Eduardo Andrade bozeramaileak azaldu duenez, Larrañazubik baditu bereizgarri egiten duten ezaugarriak. Batetik, Getxon gaztelania hizkuntza nagusi duen A eredua eskaintzen duen ikastetxe publiko bakarra da. Bestetik, hezkuntza-behar bereziak dituzten ikasleentzako baliabide eta gela espezifikoak ditu. Horregatik, Andradek ohartarazi du ikasle horiek beste zentro batera eramateak arretaren kalitatean eragina izan dezakeela, egokitutako azpiegitura eta talde espezializatuak galduko liratekeelako.
Itxieraren aukeraren aurrean, ikastetxeko Eskola Kontseiluak gehiengo osoz onartu zuen "Larrañazubi 2030" izeneko plana, baina udal gobernua abstenitu egin zen. Proiektuak zentroa eguneratu eta auzoari irekitzea proposatzen du, udalarentzat kostu gehigarririk gabe; hau da, Europako funtsak erabiliko lirateke, tartean Next Generation EU eta Bauhaus Berria programak.
Planaren oinarrian jasangarritasuna eta berrikuntza daude. Eraikina zaharberritu, gasolio-galdarak kendu eta ia kontsumorik gabeko eraikin bihurtzea planteatzen da. Aldi berean, robotika eta adimen artifiziala lantzeko FabLab edo Smart-Hub bat sortzea aurreikusten da, hiru hizkuntzatan lan egiteko. Eta komunitateari begira, ikastetxea auzora zabaltzea proposatzen da, patioa Bolueko hezeguneagaz lotuz eta baliabide teknologikoak herritarren eskura jarriz.
Otsailaren 26ko osoko bilkuran eztabaidatuko den mozioan, PPk itxiera geldiaraztea eskatuko du, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila eta familiakaz elkarrizketa-prozesua irekiz. Horrez gain, 15 eguneko epean proiektuaren bideragarritasuna aztertuko duen txosten teknikoa egitea proposatuko du.
Andraderen arabera, "Larrañazubi ixtea aukera bat galtzea litzateke, bai inbertsio europar bati dagokionez, bai hezkuntza-eredu aurreratu bati dagokionez".