Sexologoa

Bea Sever: "Menopausia etapa berri gisa ikusi behar dugu: zaintzaren hormona jaisten denez, geure burua zaintzeko garaia da"

Ander Zarraga 2026ko apirilaren 30a

Klimaterioa, perimenopausia eta menopausia bizitzako etapa naturalak dira, baina oraindik ere tabu eta zalantza asko biltzen dituzte, bereziki sexualitatearen arloan. Bea Sever sexologoak argi dauka: aldaketa hormonalak sakonak diren arren, sexualitatearen ereduak egokitzeak eta norbere burua zaintzeak bizitzako fase hau "plazera beste leku batetik deskubritzeko" aukera ezin hobea bihur dezake. Horren inguruan aritu gara berarekin, gorputz aldaketak, komunikazioa eta autoestimua ardatz hartuta.

Sexologo gisa, nola lantzen duzu menopausiaren eta perimenopausiaren gaia zure kontsultan?

Askotan, jendea kontsultara dator zerbait gertatzen zaiola pentsatuz, baina jakin barik sentitzen dutena perimenopausiarekin edo menopausiarekin lotuta dagoela. Beraz, nire lana, askotan, heziketa sexuala egitea da. Gertatzen ari zaiena zergatik den azaltzeak lasaitasun handia ematen die, eta behin hori ulertuta, bakoitzaren egoeraren araberako lanketa hasten dugu.

Klimaterioa, perimenopausia, menopausia... prozesu luzea dela esan ohi da, ezta?

Bai, klimaterioa garaia bera da. Menopausia bera hilekorik gabe urtebete pasatzean ematen da, baina perimenopausia hori baino zortzi urte lehenago has daiteke. Urte pilo bat dira! Emakumeen % 5ak ez du sintomarik nabarituko; beste % 10ak arazo larriak izango ditu, eta erdiak baino gehiagok noizbehinkako sintomak izango dituzte.

"Gure sexualitate eredua oso estua da, penetrazioan zentratua, eta horrek presioa sortzen du; etapa honek helburu finkorik gabe, plazera beste leku batetik deskubritzeko aukera ematen du"

Eta zeintzuk dira sofokoez harago agertzen diren seinale horiek?

Sofokoak ezagunenetakoak dira, baina beste asko daude: digestio aparatuko arazoak, glutenari intolerantzia bat-batean garatzea, insomnioa, zikloak laburtzea edo glukosa pikoen ondorioz gozoa jateko gogo handia izatea. Arlo psikologikoan ere eragiten du: depresio txikiak, memoria lapsusak eta, jakina, sexuarekiko interes falta.

Sexuarekiko interes falta hori zerk eragiten du?

Faktore asko daude. Alde batetik, orgasmoak lortzea zailagoa da, gutxiago dira eta intentsitatea jaisten da. Bestetik, gure sexualitate eredua oso estua da, penetrazioan zentratua, eta horrek presioa sortzen du. Fisiologikoki, 50 urte ingururako, emakume batek 20 urterekin zeukan testosteronaren % 60 galdu du (gizonezkoek baino askoz galera handiagoa). Horrek kitzikapenean eragin zuzena du: lehen 30 segundotan lortzen zena, orain agian 3 minututan lortzen da.

Autoestimuak eta irudi fisikoak ere badute zerikusirik, ezta?

Bai. Estrogenoak obarioetan ez daudenez, gerrian pilatzen dira eta gorputzaren forma aldatu egiten da. Emakume askok ez dute beren burua hain erakargarri sentitzen. Testosteronarik gabe eta psikologikoki prest egon gabe, kitzikapena askoz zailagoa da. Horregatik, sexualitatearen patroia aldatu behar da: estimulazio gehiago behar da, eta dena motelago doala onartu.

Eredu sexual berri baten beharra dagoela diozu?

Hori da. Nik askotan galdetzen diet: "Zertarako gogorik ez daukazu?". Gehienetan ez daukate lehengo eredu berdinarekin jarraitzeko gogorik, presioa sentitzen dutelako. Mendiaren adibidea jartzen dut: beti ez dugu tontorrera joan behar; joan gaitezke buelta bat ematera, loreak ikustera edo perretxikoak hartzera. Helburu finkorik gabe, plazera beste leku batetik deskubritzeko aukera ematen du etapa honek. Testuinguruak ere asko eragiten du: bikote berri batekin ligatzen ari bazara, interes sexuala bat-batean piztu daiteke, menopausian egon arren.

Komunikazioa eta bikote harremana nola kudeatu daitezke egoera honetan?

Askotan bikoteak (gizona bada, adibidez) uste du emakumeak ez duela gogorik bera ez dela erakargarria pentsatzen duelako. Azaldu behar zaio prozesu fisiologiko bat dela, pazientzia behar dela eta animo aldaketak hormonen ondorio direla. Erotikan dena ez da testosterona: intimitatea landu behar da. Hasierako itxorduak bezala prestatzea, elkarrekin egotea inor gabe, konfiantza eta komunikazioa sustatzea...

"Menopausia etapa berri gisa ikusi behar dugu: orain 'zaintzaren hormona' jaisten denez, besteak zaintzeari utzi eta geure burua zaintzeko garaia da"

Eta nork bere buruarekin duen harremana?

Funtsezkoa da nor bere burua maitatzea. Ariketa gisa bidaltzen diet dutxatik ateratzean ispiluan begiratzeko eta krema suabe-suabe emateko gorputz osoan, aldatzen ari den gorputz hori onartzeko. Menopausia etapa berri gisa ikusi behar dugu. Orain "zaintzaren hormona" jaisten denez, besteak zaintzeari utzi eta geure burua zaintzeko garaia da. Gure buruarekin konektatzeko eta nahi dugun hori egiteko garaia.

Sedukzioak ere garrantzia hartzen duela aipatu duzu.

Bai, errutinan sartzen garenean dena egintzat ematen dugu. Baina orain kitzikapenera iristea zailagoa denez, sedukzioa ezinbestekoa da. Elkarri gauza politak esatea, elkar goraipatzea... Kitzikapena errazteko sedukzioa ondo ulertzea eta lantzea garrantzitsua da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun