"Irurak Bat" auzia

Ertzaintzak 'Irurak Bat' jauregitxoaren eraispenari buruzko informazioa lortzeko "oztopoak" salatu ditu epaitegian

Ander Zarraga 2026ko maiatzaren 8a

'Irurak Bat' jauregiaren eraispenari buruzko ikerketa daramaten lau ertzainek epaiketan deklaratu dute Getxoko Instrukzio epaitegian. Agenteek nabarmendu dute Udaleko espedienteak lortzeko orduan oztopoak izan zituztela, eta horrek hainbat-udal bulego erregistratzera behartu zituela gertatutakoa argitzeko.

Ertzaintzako agenteek azaldu dutenez, udal-informazioa lortzeko zailtasunek behartuta egin zituzten miaketak udal-bulegoetan. Defentsako abokatuek Ertzaintzaren "jardunbide okerra" argudiatu duten arren probak baliogabetzeko, Fiskaltzak eta agenteek berretsi dute bulegoen erregistroa gertatutakoa argitzeko "diligentzia posible bakarra" izan zela. Berretsi dutenez, poliziaren helburua zinegotzien, funtzionarioen eta orubean luxuzko etxebizitzak eraiki nahi dituen sustatzailearen arteko loturak ikertzea izan da.

Horrez gain, ikerketaren baitan, beste hainbat testigantza jaso dituzte. Batetik, 2018ko Eraikinen Azterketa Teknikoa (EAT) sinatu zuen profesionalak ziurtatu du jauregiak ez zuela arriskurik sortzen zuen egitura-arazorik. Bestetik, Urko Baltziskueta udal-arkitektoak salatu zuen espedientetik baztertu zutela eraispena justifikatuta ez zegoela zioen txostena aurkeztu ostean. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak eta Lakuako Kultura Sailak ere bat egin dute eraikinaren babes-balioa defendatzean. Horrez gain, eraispen egunean bertaratu ziren bi udaltzainek ere deklaratu dute, baina ez dute berritasun nabarmenik eman.

Ikerketa honen ardatza 2024ko abuztuan Algortako San Nikolas kaleko 11. zenbakian zegoen jauregi babestuaren eraispena da. HIRUKAk horren berri eman zuen esklusiban. Ertzaintzaren txostenek ondorioztatu dute higiezinaren eraispena bultzatu zutenek ondare historikoaren aurkako delitua eta prevarikazioa egin zutela, jauregiaren babes mailak ez baitzuen baimentzen hura botatzea. Ikerketaren ondorioz, hamar pertsona daude inputatuta, horien artean EAJko hiru zinegotzi ohi eta hiru udal-teknikari.

Datozen saioak

Astelehenean jarraituko du prozesuak. Egun horretan, Ereaga Atalaya kooperatibako presidentea, eraispena egin zuen enpresako arduradun bat eta gertatutakoa salatu zuten bizilagunak deitu dituzte deklaratzera. Udal-arkitektoen txanda, berriz, ekainera arte atzeratu da.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun