Eusko Jaurlaritzak Getxoko hainbat etxebizitza turistiko berrikusteko prozedurak abiatu ditu

Ander Zarraga 2026ko ekainaren 10a

Jaurlaritzak espedienteak berriro ireki ditu, Udalak atzerapenarekin jakinarazi zuelako bizitoki berrien bateraezintasuna.

Getxoko Udalak 2024ko uztailean etxebizitza turistikoen ugaritzeari muga jarri gura izan zion, lizentzia berriak emateko baldintzak zorrozteko presazko izapidea onartuta, batez ere Portu Zaharra bezalako eremuetan sortutako kexei erantzunez. EH Bilduren esanetan, baina, neurri hori “paperean” geratu zen hainbat kasutan, Udalak berandu bidali zizkiolako Eusko Jaurlaritzari hirigintza-bateragarritasunaren aurkako txostenak; horren ondorioz, administrazio-isiltasun positiboa aplikatuta, ia 20 jarduerak lizentzia eskuratu zuten, udal-araudiarekin bateragarriak ez izan arren.

Koalizio soberanistak duela hiru hilabete salatu zuen egoera, eta orain adierazi du bere helegiteek eta salaketek "emaitzak ematen hasi" direla: "Eusko Jaurlaritzak Getxoko hainbat etxebizitza eta logela turistikoren egiaztapen-prozedurak abiatu ditu, eta Udalari berriro eskatu dizkio dagozkion hirigintza-txostenak". Gainera, EH Bilduren arabera, Jaurlaritzak argi utzi dio oraingoan txostenak legez ezarritako hiru hilabeteko epean bidali behar direla, aurreko urteetan "txosten ugari urtebeteko atzerapenarekin" bidali zirela salatuta.

EH Bilduk 17 espediente berrikusteko eskatu zuen, eta udal-araudia urratuta jarduten ari ziren establezimenduen aurka neurriak hartzea exijitu. Koalizioak azaldu duenez, Udalak berak aitortu du azken asteotan 15 txosten-eskaera berri jaso dituela Eusko Jaurlaritzatik, eta kasu gehienetan aurkako txostenak bidali dituela; horrek, egiaztapen-prozedurak amaitzean, udal-araudiagaz bateragarriak ez diren jarduerak ixteko eta Eusko Jaurlaritzaren erregistrotik kanporatzeko bidea zabal dezake.

Testuinguru honetan, EH Bilduk udal-gobernuaren (EAJ eta PSE-EE) jarduna kritikatu du, eta Mikel Bildosola bozeramaileak adierazi duenez, "gai honetan dagoen immobilismo instituzionala ez da kasualitatea, etxebizitza eskubidea irensten duen ereduari alfonbra gorria baizik".   Koalizioak azpimarratu du neurriak "albiste ona" direla, baina ohartarazi du egoerara iritsi izana udal-gobernuaren "utzikeriaren" ondorio dela, eta "etxebizitza eskubidea defendatzen eta araudia benetan bete dadin exijitzen" jarraituko duela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun