Epaileak kautelazko neurriakaz aske utzi ditu Iranekin Bat elkarteko bi atxilotuak

Xabi Mendia 2026ko ekainaren 22a

Algortan, senitarteko eta adiskideek, atxilotuei egindako ongi etorria ©ASKE

Espainiako Auzitegi Nazionalean "erakunde terrorista bateko kide" izatea leporatuta deklaratu ostean, bi atxilotuei pasaporteak kendu dizkie, eta Espainiako mugetatik irtetea debekatu zaie. 

Jose Luis Calama, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak aske utzi ditu behin-behinean eta fidantzarik gabe martitzenean Getxoko Algorta auzoan eta Bilbon atxilotutako Iranekin Bat taldeko bi kideak. Pasaportea kentzeaz gain, epaileak hartutako beste kautelazko neurrien artean helbide bat eta telefono zenbaki bat ematea, behar izanez gero haiek berehala aurkitu ahal izateko, eta hamabostean behin epaitegian aurkeztu beharra ezarri diete, besteak beste "erakunde terrorista bateko kide" izatea leporatu dielako Espainiako Poliziak.

Libanoko Hezbollah talde xiitarekin zerikusia dutelakoan, Auzitegi Nazionalak zuzendutako ikerketa duela urtebete hasi zela azaldu zuten operazioaren buruek, eta besteak beste bi atxilotuei bideo eta komunikatuen bidez «doktrinatze eta propaganda jarduerak» egitea egotzi zieten, polizia iturriek Europa Press albiste agentziari adierazi ziotenez. 

Zapatuan Iranekin Bat taldeak kaleratutako ohar batean,, akusazioak "irmoki" gaitzesteaz gain, azaldu zuen "seinalatze" hori egiteak ez zuela "inolako zentzurik", Hezbollah erakundea "guztiz legala" baita, eta azpimarratu zuten talde parlamentarioa ere badela "jatorrizko herrialdean, Libanon", alegia. 

Bi atxilotuak Madrilen aske geratu eta senitarteko zein adiskideen berotasuna jaso ostean, Iranekin Bat erakundean Bilbon egindako prentsaurrekoan adierazi dute bi kideei leporatzen zaizkien delituek "koherentzia falta eta sendotasunik eza" erakusten dutela, eta "argi" geratu zaiela "eraso sionista eta inperialismo genozida salatzen duten guztiak isiltzeko eta jazartzeko asmoa" duela Poliziak. Bide batez "hemen, Mediterraneoko uretan, Gazako hondakinen azpian, Ormuzko itsasartean eta Libano hegoaldean, sionismoaren eta inperialismoaren aurka gau eta egun eskuzabaltasunez borrokan jarraitzen dutenak", gogoan izan dituzte.

Iranekin Bat-en ustez atxiloketen jatorria, argia litzateke: "plataformak Irango Errepublika Islamikoak Espainiako Estatuan duen misio diplomatikoari ahotsa eman nahi izan zionean hasi zen errepresio eta jazarpen basati hori". Iranekin Bat-ek enbaxadorea gonbidatu zuen asteburu batean, Hego Euskal Herriko zenbait tokitan hitzaldi ziklo bat eman zezan. "Horrek adierazpen askatasuna defendatzen duten ustezko demokratak haserretu besterik ez zituen egin: hedabide ugarik artikuluak idatzi zituzten bata bestearen atzetik plataformaren aurka, Espainiako estatuko lobby sionistari lan zikina eginez, eta jokaleku ezin hobea sortu zuten epaileek eta poliziek beren errepresio kanpaina abiarazteko", azaldu zuten.

Sionismoa, inperialismoa, errepresioa salatzeko eta herrien autodefentsarako eta erresistentziarako eskubidea aldarrikatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi izan du Iranekin Bat taldeak, "Euskal Herrian, Palestinan, Yemenen, Libanon, Iranen eta behar den edozein lekutan".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun