Itaia Uribe Kostak Algortako sexu-esplotazio kasua salatu du

Ander Zarraga 2026ko ekainaren 23a

Itaia Uribe Kostak sexu-esplotazioa pairatzen duten emakumeen egoera gizarteratzeko hainbat ekintza egin ditu Algortako kaleetan. © ITAIA URIBE KOSTA

Itaia Uribe Kostak salatu du sexu-esplotazioa "hemen eta orain" gertatzen ari den errealitatea dela, joan den barikuan, ekainaren 19an, Algortako etxebizitza batean prostituziora behartutako hiru emakume askatu ostean. Ertzaintzak eta Getxoko Udaltzaingoak egindako operazioan bi pertsona atxilotu zituzten, prostituzioa egotzita, eta hiru emakumeei arreta eta babes-baliabideak eskaini zizkieten.

Segurtasun Sailak zabaldutako informazioaren arabera, askatutako emakumeak egoera zaurgarrian zeuden, eta etxebizitzan "baldintza abusiboetan" aritzera behartuta zeuden. Poliziaren ikerketaren arabera, arduradunek kontrola, mehatxuak eta presio ekonomikoa erabiltzen zituzten haien gain; besteak beste, jasotako diruaren zati handi bat entregatzera behartzen zituzten eta etxetik irteteko askatasuna mugatua zuten.

Itaia Uribe Kostak gogorarazi du otsailean ere antzeko kasu bat azaleratu zela Getxon: orduan beste hiru emakume askatu zituzten sexu-esplotazio sare batetik. Talde feministaren arabera, bi kasuek erakusten dute emakume asko "miseriazko baldintzek bultzatuta" harrapatzen dituztela sexu-esplotazio sareek, eta egoera horrek emakumeen aurkako indarkeria matxistaren adierazpenik gordinetako bat erakusten duela.

Taldeak salatu du sexu-esplotazioaren atzean emakumeen zaurgarritasun ekonomikoa eta soziala dagoela, eta emakumeen gorputzen eta miseriaren kontura etekin handiak lortzen direla. Horren aurrean, sexu-merkatuaren aurka antolatzeko eta haren "konplizeak" seinalatzeko beharra aldarrikatu dute, kontsumitzaileak zein proxenetak jomugan jarrita.

"Sexu-esplotazioaren aurka borrokatu! Indarkeria matxista orori aurre egin!" lelopean, Itaia Uribe Kostak herritarrei dei egin die halako kasuak salatzera eta emakumeen aurkako indarkeria oro borrokatzera. Taldearen iritziz, ezinbestekoa da gaurdanik lanean jarraitzea sexu-esplotazio sareak eta horiek ahalbidetzen dituzten baldintza sozialak desagerrarazteko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun