Sindikatuek proiektuaren obrek Artaza Romo institutuan izango dituzten eraginak salatu dituzte. Adierazi dutenez, hilabeteak daramatzate ikastetxearen etorkizunaren inguruko ziurgabetasunean, beste ikastetxe batera lekualdatzeko aukeragaz eta obrak hasi aurretik ikasgelak isolatzeko promesa bete barik.
Gainera, diotenez, obrek "eragin oso larria" izango dute irakasle eta ikasleengan, eta klaseen ohiko funtzionamendua oztopatuko dute. Gogorarazi dute tunela institutuko leihoetatik 55 metrora egingo litzatekeela, patioaren zati handi bat hartuta, eta Artatza parkean 85 leherketa baino gehiago egitea aurreikusten dela. Horri gehitu behar zaizkio harri-zulatzaileen eta zamalanetako kamioien zaratak eta bibrazioak; izan ere, orduro 48 kamioi eskola eta institutu ondotik sartzea eta irtetea aurreikusten da.
Horrez gain, obretan sortuko diren hauts-partikulek eta gas kutsagarriek ikasleen osasunean izan dezaketen eraginaz ohartarazi dute. Azaldu dutenez, lanek zazpi urte baino gehiago iraungo dute, eta denbora horretan zaratak eta kutsadurak alergiak, haurren asma, bihotz-biriketako gaixotasunak eta nahaste neurokognitiboak izateko arriskua handitu dezakete. Era berean, Aldundiaren txostenak aipatuta, ibaipekoa martxan jartzean inguruko trafikoa %33 handitu daitekeela eta horrek airearen kalitatea okertuko lukeela salatu dute.
Ildo horretan, obrek institutuan izango duten eraginari eta ikastetxearen etorkizunari buruzko informazio ofizialik ez dagoela ere salatu dute: "Aldundiak gelak intsonorizatzeko eta aire girotua instalatzeko konpromisoa hartu zuen, zarata eta hautsa direla eta ezin izango baitira leihoak ireki, baina lizitazio horiek ez dira oraindik egin, eta irailean hasiko dira obrak. Horrek ikastetxeko langile eta ikasleen erabateko baztertzea adierazten du, haien osasuna arriskuan jarriz".
Hori guztia dela eta, sindikatuek, Artaza Romoko institutuko langile eta ikasle guztien ordezkari gisa, obra horren aurrekontua ikastetxeetan inbertitzeko, instalazioak hobetzeko, prestakuntza-programa berriak bultzatzeko eta gizarteak eskuragarri dituen hezkuntza-baliabideak handitzeko erabil dadila eskatu dute.