Sistema abiatu eta astebetera hainbat aldaketa edukiko ditu Gorlizko TAO zerbitzuak

Iker Rincon Moreno 2018ko eka. 8a, 10:50

TAO ezarri eta lehenengo egunetan isunik ipiniko ez duten arren, kalean aparkatzeari utzi diote askok.

Gorlizko Udalak TAO sistema berria zelan ezarri duen salatzeko protestaldi bi egin dituzte egunotan udalerriko auzokide eta merkatari askok. Protestetan egondakoek azaldu dute arazoa ez dela TAOren tasa bera, baizik eta sistema berria osatzeko eta martxan ipintzeko Udalak egin duen kudeaketa, auzokideak "behar bezala" informatu ez dituelakoan. Egondako kexak direla eta, Udalak hainbat moldaketa egitea onartu zuen atzo ez-ohiko osoko bilkuran, zerbitzua benetako beharrei erantzun guran.

Gorlizko Udalak TAO sistema berria zelan ezarri duen salatzeko protestaldi bi egin dituzte egunotan udalerriko auzokide eta merkatari askok. Protestetan egondakoek azaldu dute arazoa ez dela TAOren tasa bera, baizik eta sistema berria osatzeko eta martxan ipintzeko Udalak egin duen kudeaketa, auzokideak "behar bezala" informatu ez dituelakoan. Horren harira, Arantza Etxebarria Gorlizko alkateak adierazi du informatzeko ardura herritarrena dela, ordenantza joan den urteko martxoan onartu zelako. Era berean, alegazioen epean auzokideek proposamen bat ere aurkeztu ez zutela jakinarazi du alkateak; gerora, modifikazio biren ondoren, hamaika pertsonak alegazioak egin zituztela argitu du udal-arduradunak, "baina sakontasun gutxikoak". Dena dela, aitortu du ordenantza ez dagoela guztiz osatuta, eta egiteko orduan udalerriko zati handi bat ez dutela kontuan hartu: "Ordenantza ez da perfektua, baina bizirik dago eta aldaketak egin daitezke". Hala, egondako kexa horiek denak direla eta, Udalak hainbat moldaketa egitea onartu zuen atzo ez-ohiko osoko bilkuran, zerbitzua benetako beharrei erantzun guran:

1.- 2018ko ekitaldirako 30 euroko txartela ematea ibilgailuko udalerrian erroldatuta egonda ibilgailuen transferentzia Gorlizko udalerrira egiaztatzen eta gainerako egoiliarrei ezarritako baldintzak betetzen dutenei.

2.- 2018ko ekitaldirako 30 euroko aparkatzeko txartel berezia ematea ondorengo kasuetan:

  • Zabaltzeko lizentzia edo aurretiazko jakinarazpena daukaten Gorlizen sozietatearen egoitzadun Ekonomia-jarduerei.

Baldintza hauek betetzea eskatuko dira:

  1. Ibilgailua erroldatuta egotea Gorlizko ibilgailuen erroldan.
  2. Jarduera gauzatzeko lan-ordutegian ibilgailua erabiltzeko beharrizana egiaztatzea.
  3. gunean beteta izatea udal ogasuneko zerga-betebeharrak.
  • Saltegi, ostalaritza eta zerbitzuetako establezimenduetako Gorlizen bizi ez diren langileei.

Jarduera gauzatzen dutenek ondoren zehazten diren gaineko egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte:

  • Gorlizko udalerrian bizi ez diren kontratatutako langileen zerrenda.
  • Kontratu-harremanei buruzko egiaztagiria.
  • Egunean ordainduta izatea gizarte segurantzako kuotak eta udal ogasuneko zerga-betebeharrak.
  • Jardueraren lan-ordutegia.

Txartelean azalduko da establezimendua zein den eta indarraldia izango da kontratuak irauten duten aldian jardueraren lan-ordutegiaren barruan.

  • Gorlizko herriari zerbitzua ematen dieten herri-erakundeak euren langile-zerrendan sartutako Gorlizko udalerria bizi ez direnen langileen alde.

Erakundearen ordezkariak ondoren zehazten diren gaineko egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu:

  • Gorlizko udalerrian bizi ez diren langile-zerrendako langileen zerrenda.
  • Kontratu-harremanei buruzko egiaztagiria.
  • Egunean ordainduta izatea gizarte segurantzako kuotak eta udal ogasuneko zergak.
  • Jardueraren egutegia eta lan-ordutegia.

Txartelean erakundea zein den azalduko da eta indarra izango du lan-ordutegiaren barruan.

3.- 2018ko ekitaldirako 80 euroko txartela ematea matrikula bakarrari atxikitzea ordainduta daukaten etxebizitzetako Ondasun higiezinen gaineko zerga denei (etxebizitzaren zenbaki finkoa), erroldatuta egonda zein ez eta ez da egiaztatu behar ahaidetasun-harremanak  (Ondasun higiezinen gaineko zergaren ordainagiria erantsi beharko da).

4.- Gune berdeko aparkalekuan ordukako zatiketa baimentzea, ordu bateko tarteetan, euro bana orduko.

5.- Gune urdineko aparkalekuko kontrola 20:00ak arte mugatzea.

6.- TAO zerbitzua arautzen duen ordenantza aldarazteko lan-batzorde teknikoa bultzatzea.

Merkatariak kexu

Udalerriko merkatariek eta ostalariek salatu dute udal-agintariek ez dutela euren egoera kontuan hartu ordenantza egiterako orduan: "Guk ez dugu inolako bonurik jasotzeko eskubiderik, eta egunero etorri behar dugu hona lanera". Gaineratu dute TAO ordaindu behar izatekotan soldataren zati handi bat aparkatzera bideratu beharko luketela. Hori dela eta, deitoratu dute udal-arduradunak ez direla eurakaz harremanetan jarri ordenantza osatzerako orduan: "Guztiontzat egokiena izan zitekeen irtenbidea adostu genezakeen". Horren aurrean, alkateak iragarri zuen udalerrian Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga ordaintzen dutenen kasua ikertuko zutela datorren urtera begira, "egokitzat ditugun neurriak hartzeko". Hala ere, neurrien egokitzapenak aurreratu egin dira, eta datorren astelehenetik, hilaren 11tik aurrera egongo dira indarrean.

Asteko zazpi egunetan

Zerbitzua ekainaren 1ean ipini zuten martxan, udalerri osoan, eta irailaren akabura arte egongo da indarrean. Gorlizen erroldatuta daudenek eta euren autoak Udaleko Ibilgailuen Erroldan inskribatuta daukatenek ez dute ordaindu behar izango udalerriko kaleetan aparkatzeagatik, baina bai hondartzetako aparkalekuetan, horiek biak itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoan kokatuta daudelako eta hala erabaki duelako Itsasertz Mugarteak.

Tarifei dagokienez, gehienez 4,5 euro ordaindu beharko da gune urdina duten 32 kaleetako batean autoa lau orduz aparkatzeagatik; gune berdean, ostera, hasiera batean egun erdiko txartela bost euroan eskuratu ahal izango da, eta egun osokoa zortzi euroan; hala ere, azken moldaketen ondoren ordukako txartela eskuratu ahal izango da, euro bakoitzeko. TAO zerbitzua goizeko 09:00etatik 21:00etara egongo da indarrean, asteko zazpi egunetan, gune urdinetan izan ezik, zaintzak 20:00etara arte iraungo baitu gune horietan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun