Udal-hauteskundeak 2019

Udalerriarentzako proiektu "sendoa" aurkeztu du Gorlizko EAJk

Iker Rincon Moreno 2019ko mai. 22a, 09:37

Gorlizko EAJren hautagaiak. © GORLIZ EAJ

Gorlizko EAJk talde berritua aurkeztu du domeka honetan izango diren udal-hauteskundeetarako, Nagore Utxupiren gidaritzapean. Hamar puntuz osatutako hauteskunde-programa aurkeztu dute, "herri honentzat etorkizuneko proiektu sendoa duena".

Jeltzaleek iragarri dutenez, euren helburua herriarentzat lan egitea da. Hala, 10 puntutan oinarritu dute euren hauteskunde-programa. Alde batetik, herritarren partaidetza bermatuko dutela agindu dute. Horretarako, udalerriko kirol eta kultura elkarte desberdinetako arduradunakaz batera herritarren partaidetzarako bulego bat sortuko dutela iragarri dute. Era berean, Udalak duen diru-sarreraren aldagaietako zati bat bulego horretako proposamenak sustatzera erabiltzeko konpromisoa agertu dute.

Gorlizeko garapen ekonomikoa ere oinarritzat hartu du EAJk. Horretarako, inguru publikoaren merkataritzarako erabilera arautuko dutela iragarri dute, baita merkataritza dinamizatu eta merkatarien jarduera berriak bultzatu ere.

Kulturari dagokionez, jarduera kulturalen garapena bultzatu gura du EAJk. Horretarako ,udalerrian bertan leku estaliak jartzea proposatu dute jeltzaleek, hala nola udal-auditorio bat. Mota horretako azpiegitura bat eraikitzeko bideragarritasuna aztertuko dutela iragarri dute.

Udalerriko ikastetxeetako instalazioak egokitzeko proposamena egin dute jeltzaleek baita ere, euskararen erabilera eta normalizazioa bultzatzeagaz batera.

Nagusiak ere gogoan izan ditu EAJk; hala, horientzako jardueren eskaintza handitu eta horiei laguntzeko zinegotzigo berezia sortuko duela iragarri du.

Berdintasunak ere garrantzia du EAJren programan. Hala, emakumeen erakunde bat sortzeko bultzada emango dute jeltzaleek, baita emakumeen kontrako biolentzia erradikatzeko sentsibilizazio jarduerak egin ere.

Udalerrian kirola sustatu gura dute baita ere. Horretarako, trail zirkuitua sortu eta frontoia estali gura du talde horrek. Txakurrentzako jolastoki bat egitea ere proposatu dute jeltzaleek.

Hirigintzari dagokionez, ibilgailu eta oinezkoen arteko bizikidetasunaren gaineko azterketa eta hausnarketa egitea gomendatu du EAJk, baita auzoak hobetzeko obrak agindu ere.

Azkenik, Udaltzaingoa berrantolatu, hornitu eta garraio publikoaren geltokiak hobetu gura dituela iragarri dute jeltzaleek, karabanentzako disuasio-aparkalekua sortzeagaz batera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun