Gorliztarron eskariei jaramon egin gura die GIGek, kanpainarako prestatu duten bideo honetan ikus daitekeenez. Datorren legegintzaldian egitekoen artean dituzte, berbarako, pertsona nagusientzako eguneko egoitza bat egitea eta gaztelekua hobetzea, baita umeentzako jolas-gune estaliak ipintzea ere. Gune arriskutsuak ere kendu gura dituzte, horretarako argiztapena hobetuz.
Azpiegituren arloan egin beharreko beste batzuk lirateke, independenteen ustez, kiroldegia hobetzea eta bertan igerilekua ipintzea. Epe luzera begira, kulturgune berriaren proiektua garatzea da datozen lau urteetarako daukaten erronketako bat, entzun-areto eta guzti. Gaur egun sakabanatuta zenbait zerbitzu batuko lirateke gune horretan.
Hezkuntzari dagokionez, Udalak DBHko ikastetxe bat eska dezala gure du GIGek, eta "txikibide" bat sortu, eskolara doazen umeak euren kasa eta modu seguruan joan daitezen. Txikientzat bakarrik ez, herritar denentzat irisgarritasuna hobetzea ere jaso dute programan.
Beste puntu batzuk dira auzoak biziberritzea, familia ugarientzat laguntzak sustatzea eta txakurren gaineko udal-araudia aldatzea. Azken horri dagokionez, txakurrak aske eta modu seguruan ibili ahal izateko gune bat sortzeko asmoa agertu dute.